Bihar da astebete alkate kargua hartu zuela Mikel Biainek, bigarrenez. Gobernu programaren planifikazioarekin lanean ari ei dira dagoeneko, "buru-belarri".
Esan zenuen ilusioz hartu duzula kargua, baina ez duela lau urteko berarekin. Nolakoa da ilusio hori?
Desberdina. Orain lau urte hasiberria hasten den ilusioarekin hasi ginen, gu geu berri-berriak ginen eta inguratzen gintuen dena ere berria zen. Hori, neurri handi baten, bukatu da, eta, oraingoan, ilusio berezi batekin hasiko dugu agintaldia; herritarrek lau urteetan egindako lana babestu izanaren ilusioarekin.
Herritar asko joan ziren inbestidura egunean udalbatzari babesa ematera. Bete egin zen aretoa.
Bai. Pozgarria izan zen udal aretoa herritarrez lepo ikustea. Udaletxean dauden bi udal taldeotako jarraitzaileak gerturatu ziren babesa agertzera.
Egin dituzu zinegotzi berrien eta udal langileen arteko aurkezpenak?
Denak ez oraindik. Baina aste honetan udal eraikin nagusietatik egin dugu zinegotzi talde batek aurkezpen erronda bat.
Egin duzue Gobernu Batzordearen lehen bilera? Eguenetan izango dira aurrerantzean ere?
Oraindik Gobernu Batzordea eratu gabe dago. Uztailaren 2ko osoko bilkuran eratuko eta finkatuko da bilkuraren eguna eta ordua.
Zein izan edo izango da Udal Gobernuaren lehen erabakia?
Zaila da zehazten. Hainbat erabaki landuko dira, eta horietako asko Udalaren ohiko funtzionamenduari dagozkienak.
Oposizioarekin hasi dituzue harremanak?
Oraindik udalaren ohiko dinamika martxan jarri ez denez, ez zaigu tokatu gehiegi harremanetan jartzea, baina aste pare baten dagoeneko martxan izango gara.
Udal ardurak -batzordeburuak, esaterako- banatu dituzue?
Xehetasunen bat zehazteko dago baina proposamena egina dugu eta uztailaren 2ko osoko bilkuran publiko egiteko asmoa dugu.
Zenbat egongo zarete liberatuta?
Bi. Nerea Zubia eta biok.