Erdizka Lautan eta Kike Amonarriz, suaren bueltan

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko eka. 19a, 10:13
Joan den urteko San Juan sua

Martitzenean piztuko dute San Juan sua, 22:30ean, Foruen plazan. Marisol Bolinagak sanjuanetako lore sortak egiten erakutsiko du astelehenean Lagun Lekun.

San Juan suaren bueltan, hiru ekitaldi antolatu dituzte aurten udako solstizioaren sasoirako: dantzatzeko musika, tertulia eta ohitura zaharrak gogora ekartzea.

Sua

Ekainaren 23an, datorren martitzenean, egingo dute aurtengo San Juan sua Foruen plazan. Iazko antolaketaren balorazio ona eginda, aurten ere hiru ikastetxeek, guraso elkarteek eta udalak antolatu dute, elkarlanean. Baina herritarren parte-hartzea sustatu guran, dantza egiteko musika ekitaldia gehitu dute egitarauan. "Erdizka Lautan taldea etorriko da, eta, Herrixa Dantzan formatua jarraituz, dantza egiteko moduko euskal musika jarriko dute. Gidari edo dinamizatzaile lanak egingo dituen lagun bat ere izango da eta haren erritmoan herritarrak dantza egitea da asmoa", azaldu du Iñaki Akizuk, Euskara eta Hezkuntza teknikariak.

Iluntzeko zazpietan hasiko da Erdizka Lautan taldea eta ordu eta erdiz arituko da. Sua 22:30ean piztuko dute eta haren bueltan Oñatz dantza taldeko kideek dantzatuko dute. Aurten ere ikasleak izango dira abestiei hasiera emango dietenak eta San Juan berde bezalako abestiak kantatuko dituzte. Abestien letren eskuorriak ere banatuko dituzte Foruen plazan batzen direnen artean. Aurkezpen lanak ere ikasleek egingo dituzte, ziurrenik, kioskora igota.

Sarrerak

Kike Amonarrizekin tertulia saioa ere datorren asterako antolatu dutela adierazi du Akizuk: "Euskararen Egunerako ekarri gura genuen, baina agenda beteta zuen Amonarrizek, eta ezin. Hilaren 25ean etorriko da Makalena elkartera eta euskaren egoerari buruz duen iritzia emango du afaldu aurretik. Ostean, herritarrekin gaiari buruz hitz egiten jarraituko du".

Tertulia saio horretarako sarrerak salgai daude Txokolateixian; zortzi eurotan ikasle eta langabetuendako eta hamabi eurotan gainerakoendako. Makalena elkartean 30 lagunendako afaria prestatuko dute.

Baserrietako ohitura

Bestalde, datorren astelehenean, ekainak 22, sanjuanetako lore sortak nola egiten diren azalduko du Marisol Bolinaga araoztarrak. "Gurean beti egin da eta egun ere egiten dugu eta niri erakutsi didaten moduan egingo ditut. Sorta horiek lau lore eta landare hauek izan behar dituzte ezinbestean: zinta-belarra, espartinak, sanjuantxoak eta aneta. Horiek hartu eta momentuan etxean dauden beste edozein landare gehitu ahal zaizkio sorta horri: arrosak, berakatz buru bat, kipula, gereziak, mahats hosto bat, garia...".  Denak borobilean batu, San Juan egunean bedeinkatu eta sorta urte osoan etxean izatea da ohitura, aharik eta hurrengo San Juan suan erre arte. Araotzen ez ezik, Arantzazu auzoan ere tinko eusten diote ohitura horri. Lagun Lekun egingo du erakustaldia Bolinagak, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak