Gaur, egubakoitza, Jose de Azpiazu musika eskolakoek zabalduko dute, Lazarragako lorategian (18:30) egingo duten ikasturte amaierako emanaldiarekin.
Formatu txikiko ikuskizunak
Iazko bideari jarraituz, publiko guztiendako bideratutako ekitaldiak lotu dituzte, eta diote orain arte musikak pisu berezia izan duen arren, bestelako diziplinetara eta estiloetara irekitzeko ahalegina egin dutela aurtengoa josteko orduan. "Formatu txikiko ikuskizunak dira, orokorrean, azpiegitura behar handirik ez dutenak. Formatu komertzialagoetatik aldendu nahi izan dugu eta, nola ez, herriko eragileen presentziari ere garrantzia eman diogu. Horren erakusle, herriko musikariak eta abeslariak izango direla lehenengo bi ekitaldietako protagonistak", azaldu du Edurne Soraluzek, Udaleko Kultura suspertzaileak.
Askotariko txokoetan
Kultura Sailetik diote jendea kalera ateratzeko aitzakia aparta bilakatzen dela Kalean, eta, era berean, publiko berria kultura ekitaldietara hurbiltzeko tresna baliagarria dela. "Horrez gainera, kultura kontsumitzeko herriko edozein txoko aproposa dela erakutsi nahi dugu. 6.000 euro inguruko aurrekontua izan dugu aurten".
Aurtengo egitaraua
- Ekainak 19, egubakoitza: Jose de Azpiazu musika eskolaren ikasturte amaierako kontzertua. Lazarragako lorategian, 18:30ean.
- Ekainak 26, egubakoitza: Udako gauak Ganbara Abesbatzaren emanaldia. Bidaurretako elizaren atarian, 22:00etan.
- Uztailak 15, eguaztena: Maite Arreseren ipuin kontaketa musikatua. Lazarragako lorategian, 19:00etan.
- Uztailak 18, zapatua: Kantoikrit lasterketa. Erdiguneko kaleetan, 22:00etan.
- Uztailak 22, eguaztena: Tristan Crowleyren kontzertua. Lazarragako lorategian, 19:00etan
- Uztailak 29, eguaztena: Zinea aire librean. Plazako pilotalekuan, 22:15ean.
- Abuztuak 14, egubakoitza: Ulyses Ensemble taldearen kontzertu ibiltaria erdiguneko kaleetan zehar.
- Abuztuak 30, domeka: La Furtiva taldearen Zapatos en el aire kale antzerkia. Foruen plazan, 19:00etan.