Mendiko triatloiak bi kategoria izango ditu. Open mailan –errazagoa– lasterkariek 10:00etan hasiko dute proba, eta Landan 1.500 metro igeri egin ostean mendiko bizikletak hartu eta Elgea aldera abiatuko dira, handik Arantzazuko Santutegira jaisteko (29km); eta han, Aloñako eta Aizkorriko mendilerroek osatzen duten gailurreriapeko zelaietara igoko dira, Putreaitz inguruetatik itzulia egin eta ostera ere Arantzazura jaisteko (5,6km).
Eta, elitekoak 11:00etan abiatuko dira, eta horien zirkuitua gogorragoa izango da, 37 kilometro mendiko bizikletan, eta 11,5 korrika: "Paraje ikusgarrietan ibiliko gara. Ni mendiko bizikletako zirkuituan laguntzen ibili naiz, eta egia esan ikusgarri geratu da, hasierako kilometroetako pista zabalekin batera jaitsiera teknikoak ere baditu, paraje ederrean. Gainera, inguruan egiten diren martxa eta halakoak ez dira zirkuitutik pasatzen, eta seguru nago oñatiar askok ez dituztela inguruok ezagutzen. Xterrako beste zirkuituak ez ditut ezagutzen, baina nekez egingo dute hemengoa modukorik", adierazi du Fortuna elkartekoekin laguntzen ibili den Argider Isastik.
Hala, Arantzazun egongo dira boxeak, eta bizikleta saioa amaituta handik abiatuko dira atletak korrika. Helmuga ere bertan egongo da, eta lehenengoak hiru ordu eta erdi inguru beharko ditu proba egiteko.