Beste lau urtetarako alkate izendatuko dute bihar Mikel Biain

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko eka. 12a, 09:35
Mikel Biain zumitzezko makila eskuetan duela

Datozen lau urteetako udalbatza eratuko da bihar, zapatua, 12:00etan. Protokolo propioa duen ekitaldi irekia izango da. Adin-mahaia eratuko da lehenengo, udalbatza ondoren eta alkatea aukeratzea izango da hirugarren puntua.

Rafael Kortabarria eta Kepa Zelaia dira udalbatza berriko zinegotzi zaharrena eta gazteena. Horien izendapena egin ostean, EH Bilduko zerrendan joan diren lehen hamarrek eta EAJko lehen zapiek hartuko dute zinegotzi kargua, inork ez dio uko egin-eta. Azkena, alkatea aukeratzea izango da. "Badut testutxo bat prestatuta inbestidura egunean irakurtzeko, baina ekitaldi apala izango da. Oposizioak ere izango du hitza hartzeko aukera", adierazi du jarduneko alkateak, Mikel Biainek.

Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da ekitaldia eta bete egingo da, ziurrenik, aurreko inbestidura egunetan horrela izanda-eta. Zinegotzien etxekoak, senideak, lagunak joan ohi izan dira. Baita zinegotzi izandakoak ere. Biharko ekitaldian egongo dira, esaterako, urte askotan zinegotzi izan diren Anjel Biain (20 urtez EAJko zinegotzi), Ainhoa Galdos (EAJ, hamabi urte) eta Andoni Gartzia (EAJ, 20 urte) ere, "udalbatza berriari gure babesa ematen", Galdosen esanetan. 

Herri askotan alkate-makila pasatzen dio alkate izan denak alkate berriari. Oñatin, baina, makila ez, xibittia da eskuz aldatzen dena. Bihar, ordea, esku berdinetan geratuko da. "Gogoan dut Reyes Korkostegi alkate zela, neuk eraman nuela behin Aberri Egun batera", kontatu du Anjel Iturbek. Korpusetan, Arantzazuko Amaren Egunean eta antzerako ekitaldietan eraman ohi izan dute zumitzarekin egindako borobilean lotutako makila fina alkateek eta Lehendakariari edo Ahaldun Nagusiari eman ohi izan diote ekitaldiak iraun duen bitartean. Eli Galdosen garaitik hona alkatez alkate ere pasatzen den ikurra da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak