Ekainaren 25ean beteko dira 25 urte Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilda agertu zirela Irunberrin, eta German Rubenach iruiñarra larri zauritua, Guardia Zibilaren ordu askotako setioaren ondoren. Gertaera horiek gogora ekartzeko lanean aritu da Oñatiko Euskal Memoria Taldea beste eragile batzuekin batera, eta gaiarekin lotura duen ekitaldi bat baino gehiago egingo ditu datorren astelehenetik aurrera. " Ekitaldi hauen helburua ez da terrorismoari gorazarrea egitea, inolaz ere ez. Baina uste duguna da memoria historikoa ezin dela osatu alde bakarreko biktimez soilik, memoriak ezin du alde bakarrekoa izan. Horregatik oroitu nahi dugu Irunberrin gertatutakoa, ez dadin ahanzturan geratu", adierazi dute Oñatiko Euskal Memoria Taldeko kideek.
Argitzeko eskaera
Gertaera hartatik bizirik atera zen German Rubenach bera etorriko da Oñatira, Arregi eta Lizarralde familien abokatua izan den Txemi Gorostizarekin batera. Egia Zor ekimeneko kideek ere hitzaldia egingo dute eta arte erakusketan, Andoain, Iruñea eta Oñatiko hainbat artistek eginiko lanak erakutsiko dira. Gertaera argitzeko ere eskatu du Oñatiko Euskal Memoria Taldeak. Martxoaren 26an osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioa. Alde biek onartu zuten.
Egitaraua:
- Erakusketa. Irunberri Sentituz. Erakusketa. Kultura etxean ekainaren 15etik 28ra, 18:00etatik 20:00etara.
- Hitzaldia: Itzaletik argira. Egia Zor-en eskutik, Ane Muguruza eta Karmelo Arregi. Ekainaren 17an, 19:00etan, kultura etxean.
- Hitzaldia: Zer gertatu zen Irunberrin. Txemi Gorostizaren eta German Rubenachen eskutik. Ekainaren 24an, 19:00etan, kultura etxean.
- Bertsoak eta poesia: Ekainaren 26an, 21:00etan, Arranon