Erlijioz eta tradizioz jantzi da beste behin Oñati, Corpus Cristiko prozesioarekin

Urtero legez, goizeko hamarretan ekin diote ospakizunari. Ordu horretan hasita, dantzarien kriskitin hotsez eta txistularien doinuz lagunduta, santu eta ama birjinaren irudiek San Migel parrokiarako bidea egin dute. Guztira hamabost eroan dituzte –handik gutxira Corpus Cristiko prozesioan atera diren irudi berak–. Azkena sartzen San Migelen irudia izan da. Meza nagusia hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago egin du udaletxetik elizarako bidea.

Mendeak eta mendeak dituen tradizioa bete da beste behin gaur Oñatin; izan ere, XVI. mendetik egiten da Corpus Cristiko prozesioa herrian. Urtean zehar Santa Anako mojek mimoz eta kontu handiz zaintzen dituzten arropa eta maskarak atera dira kalera, tartean apostoluak eta Jesucristo bera, eta baita Oñatiko Patroi San Migel Goiaingerua ere. San Migelen jantzia aurten, Ibai Gonzalezek eroan du gainean eta ez da berrikuntza bakarra izan, Iñigo Murgiondok egin baititu lehenengoz, dantzari kapitain lanak.

12:00ak pasata atera dira Santa Anatik San Migel, Jesucristo, apostoluak eta kofradiako kideak. Dantzariek lagunduta egin dute San Migel parrokiarako bidea eta handik atera da prozesioa, gainontzeko irudi, aingerutxo eta parroko zein beste hainbat apaizek osatuta. Herriko kaleak zeharkatu dituzte, eta plazan bukatu dute prozesioa. Beti bezala, kaleak jendez bete dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.