Euskadiko Txapelketa mailan jokatuko du datorren denboraldian Izarraitz-Aloña Mendi eskubaloi taldeak. Jendez goraino bete den Zubikoako kantxan 25-31 irabazi zion Barakaldori zapatuan.
Zorionak.
Eskerrik asko.
Dagoeneko sinetsita lortu duzuena?
Bai, egun batzuk pasa eta gero, lortu dugula sinetsi dugu.
Nolakoak izan zen zapatuko partidua? Eta irabazitako momentua?
Oso partidu ona izan zen, hasierako nerbioak alde batera utzita, izugarrizko partidua jokatu genuen. Duda barik, denboraldiko partidu onena denboraldiko egun garrantzitsuenean egin genuen eta hori lortzea ez da batere erraza. Irabazitako momentua oso hunkigarria izan zen. Oñatin, gure zaleen aurrean igoera lortzea ametsa zen.
Domekakoan, jokalari denek jokatzeko aukera izan zuten, eta partidu oso parekatua izan zen bukaera arte; 28-29 galdu genuen.
Zubikoa lepo bete zen.
Zaleen jarrera ikaragarria izan zen, oilo-ipurdia jartzeko modukoa. Oñatin, eskubaloiak zale asko ditu, eta asteburuan ikusi zen hori horrela dela. Lehenengo minututik, zaleen animoak jaso genituen, eta taldeari emandako indarra neurtu ezina izan zen. Eskerrik asko, benetan.
Zein da denboraldiaren balorazioa?
Gora beherak izan ditugu denboraldian, batez ere entrenatzeko izan ditugun arazoak eta presio puntu hori genuelako. Bigarren itzulian, Elgoibarren jokatu genuen partidua, inflexio puntua izan zen, eta hortik aurrera konfiantza asko hartu genuen.
Jarri zarete hurrengo denboraldiari begira?
Ez, oraindik asteburuan bizitakoa dugu buruan, eta aurrerago egongo da horretarako denbora.
Ze itxura hartzen diozu?
Zaila izango da kategoria aldaketa, joko eta erritmoan nabarituko da, baina taldea sendo ikusten dut eta konfiantza osoa dut.
Aldaketarik egongo da taldean?
Bai, aldaketa batzuk egongo dira. Taldean urte asko eta erreferente izan diren, Joxe Gartziak eta Aitor Aranburuk eskubaloia utziko dute, eta ni neu ere baja izango naiz entrenatzaile moduan.
Zer eskatuko dio kategoria horretan jokatzeak taldeari?
Entrenamendu aldetik antzera izango da, taldekide gehienak Oñatitik kanpo ikasten daude-eta. Bidaia aldetik, Bizkaian eta Araban partiduak egongo dira, baina Bergara eta Legazpin kontrako derbiak ere bai.
Eskerrak eman gura dituzu.
Bai. Izarraitz tabernari, eman digun babesagatik. Eskubaloi sailari finala Oñatin jokatzeko egin duen esfortzuagatik. Tolosako jokalariei Aloñako jarraitzaile amorratuen pare animatzearren gu. Igoera fasean egon garen taldeen arteko giro ona ere aipatu gura dut.