Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Mikel Biain: "Uste dut herritarrek kudeaketa baloratu dutela batez ere"

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko mai. 29a, 10:00

Mikel Biain hauteskundeen aurretik Lazarraga parkean

EH Bilduk eutsi egin dio Oñatin. Mikel Biain, jarduneko alkatea, eskertuta dago herritarrak konfiantza EH Bildurengan jartzeagatik. EAJk atez atekoa kentzea "hanka-sartzea" izango litzatekeela uste du.

EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu datorren agintaldian eta EAJk zazpi. Hauteskundeen emaitzen balorazioa egin du Mikel Biainek.

Emaitzak ikusita, zein da Oñatira begira egiten duzun irakurketa?

Hiru puntu gutxiagoko parte-hartzea izan da udal hauteskunde hauetan. Bagenekien orain lau urteko emaitzetan zer ikusia izan zuten faktore batzuk aurtengoan ez zirela izango: azken momentuko legalizazioa, zerrenda berri berria… Barealdia etorri den honetan iruditzen zait herriak kudeaketa baloratu duela batez ere. Gobernuan egoteak berez badakar desgaste bat, eta are gehiago legealdiak izan duen intentsitatea kontuan hartuta. Erabaki asko hartu dira eta hauetako batzuk etxe guztietako sukaldeetara heldu direnak. Bilduk 3.308 boto jaso zituen eta EH Bilduk 3.137 boto jaso ditu lau urte ondoren. Egia da orduan Aralar ere bazela eta 200dik gora bozka jaso zituela. Baina 2011ko Aralar hartatik gaur egungo Aralarrera bidean gora beherak izan dira eta agian orduko batzuk oraingoan EAJ joan dira. H1!-eko 180 boto ere EAJra joango ziren agian. Bi aukera politikoren polarizazioaren aurrean, PPko 120 bozka eta PSOEko 25 bat ere EAJra joan izana oso posible da.

Zela baloratzen duzu zure eta zure taldearen orain arteko agintaldia?

Proiektu asko atera ditugu aurrera. Ni oso pozik eta harro nago osatu dugun taldearekin eta egindako lanarekin. Harro bai, baina harrotasun barik. Akatsak ere egin dira eta askotan esan dugun moduan, ikasi ere egin dugu; asko gainera.

Eutsi egin dio EH Bilduk Oñatin. Zein izan da horren gakoa?

Saiatu gara programan agindu genituenak zintzo betetzen eta hartu diren erabakiak ahal bezain ondoen komunikatzen. Badirudi herritarrak hori baloratu duela. Benetan eskertuta nago gure taldean berriz ere konfiantza jarri izanagatik.

Bailarako emaitzei buruz, zer diozu?

Agian herri bakoitzak bere irakurketa beharko luke, baina egia da Gipuzkoan EH Bildu higatu egin dela, eta Bilduren aurkako botoa EAJk kapitalizatu duela, boto abertzalea eta espainiarra ere bai. Bilduk egingo du bere autokritika eta ondorioak aterako ditu baina lau urteotan Gipuzkoan nagusi diren hedabideek Bilduren aurka eginiko gerrak bere emaitzak eman dituela ere nabaria da.

Mankomunitatearen osaketa ere aldatu egingo da orain. Arriskuan egon daiteke atez atekoa Oñatin?

Ez dut uste horrelakorik gertatuko denik. Hanka-sartze handia egingo luke EAJk hori egingo balu. Herritarrak orobat lasai lasai daude. Herria dezente garbiago dago lehen baino eta herritarrek ez lukete halakorik ulertuko.

Berriro ere EH Bilduk eta EAJk osatuko duzue udalbatza Oñatin. Zelan ikusten duzu etorkizuna?

Gure arteko harremanak onak izateko ahalegin berezia egingo dugu. Herriaren alde lan egin nahia dugu batera, elkarri mokoka ibiltzeak ez du inongo zentzurik.

Eta Aldundiarekiko harremanetan? Aldatuko da?

Ordezkari politikook pertsonak gara, eta nahiz eta sentsibilitate politiko bat ordezkatu, alderdikerietan ez ginateke erori beharko. Alde horretatik ziur nago arazo barik jardungo garela.

Ekainaren 13an hartuko duzu berriz alkate-makila. Zer da egingo duzuen lehen gauza agintaldi berrian?

Lantalde berriarekin udal langileak bisitatzea. Gero, programan esandakoa kronogrametan sartuko dugu agintaldi osoko helburuak perspektibaz lantzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak