Lapurretak, Oñatiko zenbait kobetan

Oñatiko hainbat kobazulotan lapurretak gertatu eta gertatzen ari direla salatu du Aloña Mendi Espeleologia Taldeak. Foru Aldundiari ekintza hauen berri eman diote, behar diren neurriak hartu ditzan.

Aloña Mendi Espeleologia Taldearen oharra:

"Oñatiko zenbait kobetan lapurretak gertatu eta gertatzen ari dira. Horretan dabiltzanak lurrean zuloak egin, hezurrak atera, puskatu eta gustukoenak eramaten dituzte euren bilduma pribatuentzako. Horrela, hezurrak berak eman dezakeen informazioaz gain, hezurraren testuinguruak ematen duena ere desagertzen da betiko. Jakina da, arkeologian askotan aurkitzen denak baino informazio gehiago testuinguruak ematen duela.

Herri ondarearen ikerketa, babesa eta kontserbazioa herri erakundeen ardura da, gure kasuan Foru Aldundiarena. Erakunde publiko hauen lanei esker hurrengo belaunaldiek ondare hori ezagutzeko eta berriz ikertzeko aukera izango dute. Aloña Mendi Espeleologia Taldeak ekintza negargarri hauen berri Foru Aldundiari eman dio, lapurreta gehiago ez egoteko hartu beharreko neurriak har ditzaten. 

Oñatiko ondare arkeologikoa aberatsa da eta oñatiarrok harro egon behar gara horretaz, denon ardura da, ezin dugu utzi hori galtzen batzuen kapritxo eta zitalkeriengatik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.