Lau alderdi aurkeztu dira gaurko hauteskundeetara Oñatin: egun udalbatza osatzen duten EH Bildu eta EAJ, eta horiekin batera, PSE eta PP. Lehia, baina, alderdi abertzaleen artean egongo da. Azken agintaldian ere haiek dira udalbatza osatzen duten alderdiak, eta, kanpainari begiratuta, EH Bildu eta EAJ dira herritarrei eta herriari begira datorren agintaldirako programa erakutsi dutenak. Alderdi Sozialistak kartelak jarri ditu horretarako egokitutako herriko guneetan.
8.883 herritarrek izan dute botoa emateko eskubidea eta euren botoekin, hamazazpi zinegotzi aukeratu dituzte. Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak ere hautatu dituzte.
Itxaropena
EH Bilduko eta EAJko zerrendaburuak, biak daude itxaropentsu gaurko emaitzei begira. Miren Elgarresta jeltzaleak adierazi du alkate izateko ilusioa duela, "baina esperotako emaitzak ez baditugu lortzen, oposizioan ere gogor jardungo dut". Batzokian egingo die jarraipena emaitzei EAJk. EH Bilduk, berriz, Foruen plaza aukeratu du jarraipena egiteko eta handik Pago Uso elkartera joango dira. Zerrendaburu Mikel Biainek adierazi du: “Esandakoa betetzen saiatu gara. Gogor eta arduraz lan egin dugu eta emaitzak nahiz datuak hor daude. Alde horretatik, herritarrek Oñatiko EH Bildurengan konfiantza berretsiko dutelakoan gaude".