"Udaletxe batek onura publiko orokorra, kalitatezko arreta soziala zerga banaketa justu bat, ingurumenarekiko ardura eta lurralde politika arrazional bat izan behar ditu helburu" aritu da Mikel Biain, Udal batek bere politikan izan beharreko lehentasunen inguruan.
Bestalde, agintaldi honetan egindako lanaz hitz egin du Oñatiko alkateak. Errepresentazio gastuak %71 jaitsi dituztela esan du: lehen 15.000 euroko gastuak zituzten Oñatin, orain 4.000 euroren bueltan. Krisialdi hasierako zorpetze mailatik ere jaitsi dira: 4.600.00 euro 2009an, iaz 2.785.694. "Eta garrantzitsuena da herritarrei ahalik eta gutxien eraginda, osatu ditugula aurrekontuak: aurreko agintaldiko erdia igo dira ordenantzak eta egoera ekonomiko gogorragoan gainera. Arreta sozialean aurrekontuak eta departamentua bera indartu dugu eta zaintza arloko langileen lan baldintzak hobetzeko akordiotara iritsi gara" gaineratu du Biainek. Bestetik, atez-ateko zabor sistemari esker kaleak garbiago daudela azpimarratu du, garbitasuna ez dela zaborra "edukiontzietan ezkutatzea" azalduz.
Horretaz gainera, EH Bilduk 2015/2019 agintaldirako herriko plan orokor bat egingo duela eta diru publikoa arduraz erabiliko duela adierazi du.
Amaitzeko, agintaldi honetako taldea txalotu gura izan du eta datorren taldea "freskoa, anitza eta trebea" dela azaldu du Biainek.