Eskerrak emanaz agurtu dira zinegotziak

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko mai. 22a, 11:00

Agintaldiko azken osoko bilkura

Atzo, maiatzak 21, egin zuen agintaldi honetako udalbatzak azken osoko bilkura. Eztabaidak izan arren, bakoitzak bere ikuspuntutik, herritarrak izan dituztela kontuan azpimarratu zuten EH Bilduko eta EAJko bozeramaileek.

Galde erreguetan luzatu zen atzoko osoko bilkura, agintaldi honetako azkena. Azkena izateagatik, eskerrak eman zituzten EH Bilduko eta EAJko bozeramaileek, Mikel Biainek eta Lourdes Idoiagak, hurrenez hurren. Biek azpimarratu zuten eztabaidatu arren, bakoitzak bere ikuspuntutik, herritarrak izan dituztela beti kontuan.

  • Mikel Biain: "Eskerrak eman gura dizuet agintaldi honetako zinegotzi guztiei. Zinegotzi lanetan urte asko egin dituzuenoi ere eskerrak, batez ere Ainhoa Galdosi, Anjel Biaini eta Andoni Gartziari. Gai batzuetan ikuspuntu ezberdinak izan arren, eskerrik asko herriari eskainitako orduengatik. Horrelakoetan esaten den moduan, "gaizki esandakoak barkatu eta ondo esandakoak kontua hartu". Hemendik aurrera ere elkarlanerako prest egongo gara"
  • Lourdes Idoiaga: "Eskerrik asko denei eta zorte on hemendik aurrerako bide berrian Leire Egañari, Xabi Picori, Maialen Urtzelairi, Josu Lizarralderi, Beatriz Gerekari, Ainhoa Martini, Konrado Kernstocki eta Manu Egañari. Eta beste hiruroi, Mikel Biaini, Oier Irizarri eta Nerea Zubiari, hemendik aurrera ere elkar ikusiko dugula udalbatza honetan. Eztabaidatu dugun arren, alde biok egongo gara ados esatean beti herritarrak izan ditugula kontuan. Bestalde, udal langileei ere eskerrak, horien artean osoko bilkuretan gurekin batera egon diren Paskual Elustondo kontu hartzaileari eta Jesus Mari Madinabeitia idazkariari".

Hitzarmena

Eguenean, atzo, egin zuen udalbatzak agintaldiko azken osoko bilkura. 19:00ak pasatxo hasi zen eta ordu laurdenera ez zen iritsi. Onartu zituzten gaien artean: Udalaren eta GOIENAren 2015erako hitzarmena eta Oñatiko bide nagusien inbentarioa behin betiko onartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak