Nekazaritza, abeltzaintza eta basoko azpiegitura gehiago jartzea proposatu du Markel Olano ahaldun nagusirako hautagaiak Oñatin. Izan ere, hori da jeltzaleen 14. proposamena. Baserritarren aldeko apustu sendoa egingo dutela gaineratu du Olanok. Ondoan izan du, besteak beste, Miren Elgarresta jeltzaleen Oñatiko alkategaia.
Azken lau urteetako lana baloratu du
Azkeneko lau urteetan "Diputazioak oso ikuspegi sektarioa" izan duela azaldu du Olanok, eta egin dituzten pausoak "baserritarren iraunkortasunaren eta profesionalizazioaren kontrakoak" izan direla. EAJren ustez oso lotuta daude industria, eta baserritarren, nekazarien eta basozainen ustiapena.
Arlo horretan, jeltzaleen proposamena hau izango da: "Gure konpromisoa da inbertsio berriak egiteko baserritar gazteei diru-laguntzak ematea. Baserritarrak nahi duena da bizitza txukun eta duina izatea berak eta bere familiak".
Olanok ezinbestekotzat jo du sektorearekin harremanetan egon eta neurriak adostea.
Gaurko ekitaldia amaitu ostean, Oñatiko hainbat txoko bisitatu ditu Olanok. Oñatiko hautagaiak lagun zituela, San Martin parkera joan dira, eta ondoren kiroldegi ingurua ere bisitatu dute.