"Beste urte batzuetan baino jende gutxiago animatu da, agian eguraldiagatik izan daiteke; guztira 30 bikote inguruk hartu dute parte" azaldu du antolakuntzan ibili den Eunate Eliok, MUko Enpresagintza fakultateko berdintasun taldeko kideak. "Banak zein binaka lehiatzeko aukera egon da, baina, bakarka etorri direnak batu eta bikoteak egin ditugu" gaineratu du Eliok.
Helburu bikoitza
"Bi helburu ditu lasterketa mistoak; batetik fakultateko neskak eta oro har emakumeak kirolera hurbiltzea eta bestetik, irudikatzea kirola berdintasunean egin dezakegula, horretara dator bikoteen gaia" azaldu du Eliok.
Horretaz gainera, aurtengo bosgarren edizioan berrikuntza bat izan dute lasterketan: patinekin lastertzeko aukera egon da, baina, bikote bakarra aurkeztu da.