Gaueko rock kontzertuetan Altxatu, The Potes eta Denbora Galdua taldeak izan ziren San Anton girotzen. Irunberriko Ibai, Julen eta Iker musikari gazteek eman zioten hasiera jaialdiari eta arrakasta handiaz gainera. Izan ere, Altxatu taldeak euskara aldarrikatzen du, eta hain gazteak izanda sekulako jende pila gerturatu zen haien musikaz disfrutatzera.
Ondoren, The Potes talde arrasatearra izan zen taula gainean, eta beti bezala, arrakasta izan zuten beraien erritmo bizi eta dantzagarriekin. The Pogues taldearen bertsioak, beraien abesti propioak… eta batez ere musika irlandar doinuak eskaini zituzten. Gitarra akustikoa, akordeoia, banjoa, baxua… ekin San Anton plazatxora gerturatu zirenak dantzan jarri zituzten.
Gaueko azken kontzertua herrikoek eskaini zuten. Denbora Galdua talde oñatiar gazteak oso eroso ibili ziren taula gainean eta ikusleak gustura izan ziren musikaz gozatzen.
Eguraldia lagun, jendez gainezka Oñati
Atzo, zapatua, goizean goizetik izan zen giroa Oñatin: umeendako jolasak, estanpazio tailerra, urteroko mendi bizikleta zeharkaldia… Eguzkia lagun, kaleak bete-beta egon ziren egun osoan zehar eta taloak jan eta zerbait edanez, txarangak Oñatiko kaleak girotu zituen. Gauean berriz, eMePeBo5t eta Ingo al Deu erromeria taldeak izan ziren gaua berotzen.