Telefono mugikorraren erabilerak egundoko gorakada izan du gurean ere, eta gero eta adin txikiagoarekin eskatzen dute seme-alabek. Eman ez edo ez erabakitzerakoan Esnaolak uste du seme-alaba bakoitza bakarra dela eta guraso edo hezitzailea ere bai. "Hortaz, ez dago adin jakin bat, faktore askok eragiten dutelako erabaki horretan. Halere, egiten diren azterketen arabera, gero eta lehenago eskuratzen dute seme-alabek smartphone bat, 11 urte ingururekin", azaltzen du adituak. "Edozein kasutan, gakoa, funtzionamendua arautzean dago, smartphone bat ematen zaion unean arauak berarekin negoziatuz. Eta horretaz gain, lehen hilabeteetan (edo egokia ikusten den arte), seme-alabaren smartphonea guraso edota hezitzailearentzat eskura egotea gomendagarria da (arauetako bat izatea, egokiena)".
Gurasoen kezka nagusiak
Gurasen eta hezitzaileen kezkak herri guztietan errepikatzen direla dio Esnaolak; smartphonearekiko menpekotasuna eta sare sozialen erabilera eta pribatutasuna. "Praktika okerrak, oker gisa definitzekotan, bi egon daitezke: sare sozialetan besteen argazkiak baimenik eskatu gabe igotzea eta edonolako tresnen bitartez (egun, batez ere, whatsapp bitartez), iraintzea edo, oro har, mina egitea. Okerrak horiek dira, praktika desegokiak gehiago ere izan daitezke: igotzen den argazki mota eta kantitatea, sarean publikatzen den informazio pertsonal kantitatea, sare sozialetako kontuak erabat publiko izatea (twitter eta instagram, batez ere) eta abar".
Seme-alaben bidelagun
Seme-alabak kontrolatzea baino seme-alaben bidelagun izatea proposatzen du Esnaolak. "Uste dut euren bidelagun izan behar dugula, hasieran behintzat. Badira, noski, aukera teknologikoak bidelagun rol hori modu teknikoan egiteko. Baina idealena arauak negoziatu eta konfiantzazko klima batean aritzea da. Ideala da, adibidez, lehen hilabetetan, seme-alabak zerbait instalatzeko aurrez guraso edo hezitzaileari galdetu behar diola ulertzea, edozein unetan bere smartphonea begira dezaketela onartzea eta gisakoak. Ez da kontrola, ardura da, beste arlo guztietan egiten den bezala", azaltzen du.
Adituaren esanetan nabaria da gai honekiko instituzio publikoen lanketa eza. "Ez dutelako smartphone-gaztetxo binomioaren aurrean inongo lanketarik planteatzen (ez gurasoekin soilik, irakasle eta hezitzaileak ere tesitura berberean daudelako). Telefonia operadoreak ere mehatxu bat dira, gaztetxoengan ikusten duten bakarra, merkatua delako, orain gutxi arte ustiatu gabe zegoen merkatua. Hauei berdin zaie gaztetxoek zein erabilera egiten duten, ahalik eta azkarren smartphone bat eskuratzen duten bitartean. Hortaz, gaur gaurkoz, ezagutza hori guraso edo hezitzaile bakoitzaren esku dagoela uste dut. Eta laguntza eskertuko lukete, ziur.