Eguenean egindako agerraldian adierazi zutenez, azken lau urteetan Euskal Herria "libre eta euskaldunerako bidean aurrerapauso garrantzitsuak" eman ditu Oñatik: "Euskaraz bizitzeko baldintzen hobekuntza, kultura sorkuntza bultzatu eta horretan lagunduko duen gune bat sortzeko prozesua martxan jartzea, gaztetxe berria...". Gaineratu zuten, besteak beste, gazteek bizi duten egoerari aurre egiteko beste urrats batzuk ere eman dira: "Emantzipaziorako diru laguntzak, lehen lana lortzeko programa, etxebizitza baten alokairuko diru laguntzak...".
Udal Gobernuaren "lan ona"
Azkenik, esan zuten edozein eraldaketa prozesuren "motorra" herria izan behar bada ere, norabide berean doan Udal Gobernua izatea "oso garrantzitsua" dela: "Hori garbi ikusi da azken urteetan". Honako hau adieraziz amaitu zuten agerraldia: "Hemen batu garen gazteok EH Bilduren proiektu politiko ezkertiar eta abertzalearekin bat egiten dugu, eta gazte moduan bizi dugun egoera gordinari aurre egiteko alternatiba erreal bakarra dela uste dugu. Hori dela-eta maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetara EH Bilduren hautagaitzan aurkezten diren Oñatiko gazteei babes osoa ematen diegu".