Auzoetako jaien sasoia hasiko da gaur Olabarrietan

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko api. 30a, 10:20

Herri kirolak joan den urteko jaietan

Iluntzeko zortzietan egingo duten etxafuego jaurtiketarekin hasiko dira gaur, eguena, Olabarrietako jaixak. Bide batez, herriko auzoetako sasoiari ere emango diote hasiera etxafuego horiek, Olabarrietakoaren ondoren etorriko dira-eta, urrira bitartean, beste hainbat auzo eta kaleetako jaiak.

Musika, umeendako jolasak, kirol ekitaldiak eta auzo afaria izango dira Olabarrietan domekara bitartean. Musikari lotuta, esaterako, gaur herriko rock taldeen kontzertua egongo da, 21:30ean. Bihar gauerako, berriz, erromeria antolatu dute, Trikimailu taldearekin. Bietara joateko, autobusa egongo da, aurten ere, kaletik. Txaketua taberna parean eta Olakua auzoan izango ditu geldiuneak; gaur, 21:00etik aurrera eta bihar, 22:00etatik aurrera.

Zapatuan, umeendako jolasak izango dira 17:00etan, eta gauean, auzo afaria egingo dute bertako elkartean Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariekin.

Pilotako finalak

Aurtengo jaietan ere antolatu dute pilota txapelketa eta domekan, maiatzaren 3an, jokatuko dituzte finalak eliza kontrako frontoian. Aurten 18 bikote aurkeztu dira txapelketara, joan den urtean baino lau gehiago. Finala, Tatiegi aita-semeak eta Gartzia-Larrea bikoteak jokatuko dute, elkarren kontra, 11:00etan. Bihar, egubakoitza, berriz, benjamin mailako txapela izango dute jokoan zortzi bikotek.

Kirolari lotutako bigarren ekitaldia ere domekan izango da, 12:30ean, auzo elkartearen pareko zelaian, herriko kirol erakustaldia egingo dute. Aurretik, toki berean, Oñatz dantza taldekoen erakustaldia egongo da. Domeka arratsaldean izango da urteroko mus txapelketa ere, eta hantxe aterako dituzte sarien txartel irabazleen zenbakiak.

Esaera zaharrak

Datorren asteburuan, San Migel Txikiko jaiek hartuko diote erreleboa auzoetako jaiei. Aurten ere izango da esaera zaharren lehiaketa; domeka da apuntatzeko azken eguna. Hilaren bukaeran, Errekaldeko jaiak izango dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak