Oñatiko Pilotari Txapelketari bultzada eman guran

Miren Arregi Amasorrain 2015ko api. 25a, 09:44

Pilotari beteranoek eta gaur egun dihardutenek egin dute bat Oñatiko Pilotari Txapelketa indartzeko ahaleginean, izan ere, antolakuntzak, guztiak animatu gura ditu txapelketan parte hartzera. Txapelketa indartu asmoz, hainbat aldaketa proposatu ditu aurten antolakuntzak; horietako bat, saria indartzea.

Oñatiko Pilotari Txapelketari bultzada bat eman gura diote Aloña Mendik eta Txosna Batzordeak eta horretarako, hainbat aldaketa proposatu dituzte. Esaterako, ekaina eta uztailera aurreratuko dira kanporaketak eta final erdiak eta finalak San Migel jaien bueltan egingo dira.

Saria ere indartu du antolakuntzak. Hala, lau finalistek lau t'erdiko finalerako sarrerak eskuratuko dituzte; ez hori bakarrik, aurrez Donostian bazkari bat ere irabaziko baitute. Noski, horrez gain, txapeldunendako txapela ere izango da.

Ekainaren 2a, izena emateko azken eguna

Ekainaren 2a izango da txapelketan izena emateko azken eguna. Aloña Mendi eta Arrano tabernetan egin ahalko da hori. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du. 16 urtetik gorakoek eman ahalko dute izena txapelketan eta gazteagoek, gurasoen baimenarekin egin ahalko dute. Txapelketan parte hartu dezakete federatutako pilotariek, baina, bikote bakoitzean federatu bakarra onartuko da.

Txapelketa oñatiarrendako da; bertakoendako eta bertan bizi direnendako.

Pilotari beteranoak

Atzo, egubakoitza, azaldu zituzten prentsaurrekoan baldintza horiek guztiak. Bertan izan ziren, esandako moduan, pilotari beteranoak ere. Besteak beste, Juanito eta Josu Osa, Benjamin Maiztegi, Pedro Zelaia, Jose Luis Barrena, Jose Luis Urizar,  Iñaki Larral, Xabi Igartua, Julen Iriondo, Joseba Gesalaga, Joseba Orueta, Jose Ramon Azkoitia eta Gari Ibarzabal.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak