Erantzun bikain horri esker, zabaldu egin dute korrikalari kopurua: 330 dortsal banatuko dituzte domekan (09:00). "300 lagunendako lekua geneukan eta berehala bete ziren. Itxarote-zerrenda luzea ikusita, beste 30 onartzea erabaki genuen", diote.
Hamargarren aldirako sartutako aldaketak –ibilbidea luzatu eta zailtasuna handitu– korrikalarien gustukoak izan ziren, eta aurten, errepikatzea erabaki dute. "Kresteriako zatia oso polita eta gogorra da. Horrek beste ukitu bat eman dio igoerari. Tropela apurtuta helduko da Aloñara. Ordura arte indarrak neurtzen ez dituenak kresterian ordaindu egingo du", dio.
Hautagai zerrenda osatzeko orduan Walter Becerraren izena aipatzen du Argider Isastik: "Hirutan irabazi du Oñatin, eta, sasoiko ez egon arren, aintzat hartu behar dugu garaipena lortzeko. Iker Oliveri, Endika Gartzia eta Igor Mantzizidor ere aipatuko nituzke. Eta etxekoen artean, Joseba Molinero eta Axier Alonso oñatiarrak eta Iñigo Altzola arrasatearra. Emakume indartsuenak Izaskun Zubizarreta eta Ainhoa Lendinez dira, baina gero, ibilbideak ipiniko du nor bere lekuan".
Boluntarioak
Korrikalari kopuruak gora egin duen moduan, boluntarioen lana ere goraipatu gura dute. "Oñatiko Duatloiko antolatzaileek arazo handiak izan zituzten boluntarioak lortzeko, baina guk bidegurutze guztietan izango ditugu boluntarioak. Guztira, 130 lagun. Lerro hauen bidez, eskerrik beroenak eurei".
Sei anoa-puntu
Aloñako Igoerak 22,600 kilometro izango ditu. Guztira, 2.200 metroko desnibel positiboa izango du. Ibilbidean sei anoa-puntu egongo dira: bi edatekoarekin eta beste laurak edatekoarekin eta jatekoarekin.