Ehuntze Eguna ospatuko du Gure Esku Dago ekimenak apirilaren 25ean. Norberaren atxikimendu pertsonalak jasotzen dituzten oihal zatiak azaldu eta josiko dituzte, bata bestearekin. Horretarako propio prestatu dituzten oihalak Gure Esku Dagok kale Barrian zabalik duen egoitzan eskuratu daitezke. "Batetik 20 laguneko taldeek beteko dituzten oihalak eskura daitezke, eta bestetik, norbanako ekarpenak jasotzen ditugun oihalak ere baditugu. Ekarpenarekin batera, euro bateko atxikimendua eskatuko diogu herritar bakoitzari; Ekainaren 21eko ekitaldiak antolatzeko izango da diru hori. Horrekin batera, izen-abizenak ere hartuko dizkiegu, gure datu basea osatzeko. Bestalde, bulegoko gastuak eta bestelako gastu estrukturalak ordaintzeko laguntzaile figura sortuko dugu", dio Gure Esku Dago ekimeneko kide Lierni Olmedok.
Izan ere, hilaren 25eko ekitaldirako oihalak ez ezik, informazioa emateko eta bilerak egiteko ere bada zabaldu duten egoitza. Baita denda ere. "Ekainaren 21erako propio atera diren kamisetak ditugu, 12 eurotan", gehitu du Olmedok. Egoitzaren ordutegia: martitzenetan eta eguenetan, 17:30etik 19:30era eta zapatuetan 11:30etik 13:30era.