Aloñako Igoera antolatzen ibiltzen den lantaldeak dena prest du hilaren 26ko probarako. "Eskerrak eman gura dizkiegu oñatiarrei, herriari berari. Laguntza handia jaso dugu eta lotu gura genituen igoerako bidegurutze guztiak lotu ditugu dagoeneko. Eskerrik asko, benetan", dio antolatze lanetan ibili den Iker Laskurainek. Eta gehitu du: "Jende asko etorri da guregana bere laguntza eskaintzera eta oso pozik gaude. Korrikalariek jakin dezatela bidegurutze guztietan egongo dela petoa jantzita duen lagunen bat, eta edozein tokitan edozer gertatuta ere, laguntzeko edo anbulantziari deitzeko norbait izango dutela ondoan".
300dik gora korrikalari
Aurtengo igoeran parte hartuko duten korrikalariei dagokionez, 300 korrikalari baino gehiago izango direla aurreratu du Laskurainek. "Horien artean bederatzi neska oñatiar daude", zehaztu du.
Lasterketa nork irabaziko duen oraindik ezin jakin, noski, baina faboritoak zeintzuk izan daitezkeen esaten ausartu da Laskurain: "Walter Becerra izango da faborito nagusienetako bat. Iker Oliveri, Endika Gartzia eta Felipe Artigue ere ondo ibiliko direla uste dut eta nahiz eta lehen bosten artean ez ibili, ultratraill lasterketetan aritzen den Javier Dominguez ere etorriko da. Aurrean ibiliko diren oñatiarren artean, berriz, Joseba Molinero eta dagoeneko bi podium egin dituen Axier Alonso ikusten ditut. Ainhoa Lendinez eta Begoña Feijoo ere ez dira gaizki ibiliko".
Parte hartuko duten gehienak euskal herritarrak dira baina Alacantetik, Burgosetik, Leondik edo Lugotik ere etorriko dira. "Aloñako Igoera izango den egun berean jokatuko da Espainiako kopa ere eta hasieran hona etortzekoak ziren asko hara joango dira, baina oso pozik gaude erantzunarekin", zehaztu du Iker Laskurainek.
Ibilbidea, oinez
Apirilaren 26an izango da aurtengo Aloñako Igoera eta bezperan, hilaren 25ean, igoeraren ibilbidea oinez egiteko aukera egongo da. Ibilbidea ikusi ez duenarendako edo egiteko gogoarekin gelditu denarendako antolatu dute. "Egia esan herritarren aldetik etorri zaigu eskaera, jendearen aldetik bazegoelako gogo hori. Guri oso ondo iruditu zaigu eta beste taldetxo bat ibili da hori antolatzen", dio Laskurainek. 09:00etan abiatuko dira Foruen plazatik; ez da anoarik egongo.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!