Oñatur enpresak prest du Aste Santuko oporrei begira egin duen eskaintza egitaraua. Unibertsitatea eta San Migel parrokia ikusteko bisitez gain, aurten Txokolateixia ikusteko aukera ere eskainiko dute. Herri barruko bisitez gain, Arrikrutz kobak ere erakutsiko dituzte.
Familiak
Aste Santuko oporretan etortzen diren turista gehienak familiak izan ohi dira. "Sasoi honetan autobusean etortzen diren bidaia organizatu gutxiago izaten ditugu, normalean. Gehienak familia planean datozen turistak izaten dira", dio Oñatur enpresako Jaione Elortzak. Jatorriari buruz, joan den urtean esaterako, Euskal Herritarrak izan ziren gehienak eta Kataluniatik, Gaztela Mantxatik eta Aragoitik ere etorri ziren bisitan. Guztira 350 bisitari izan ziren iazko Aste Santuan Oñatin.
Aurten etorriko direnek, gainera, unibertsitatea eta parrokiaz gain Txokolaiteixia ikusteko aukera izango dute, bai, behintzat, 12:00etako bisitetara apuntatzen direnek. Horrez gain, baina, 17:00etan ere bisita gidatuak egingo dituzte herriko ondarea erakusteko.
Udako ordutegia
Bestalde, Oñati eta Arantzazu lotzen dituen autobus zerbitzuaren udako ordutegia indarrean dago. Gainera, Arrikrutzera joateko zerbitzu gehiago egongo dira. Izan ere, bidaiariak gura izanez gero, autobusa Araotzera ere joango da. Horixe da domekan martxan jarriko den udako autobus zerbitzuak izango duen berritasuna. Bestelakoan, lehenago hasi (lehenengoa 07:30ean Oñatitik) eta beranduago (azkena 19:00etan Arantzazutik) amaituko da eta neguan eguerdian izan dituen etenak bertan behera geldituko dira. Goizeko 10:30etan Oñatitik Arantzazura doan autobusa geldituko da Arrikrutz-Oñatiko Kobetan eta Arantzazutik Oñatira 13:15ean eta 18:00etan doazen autobusak geldituko dira Arrikrutzen. "Baina domekatik aurrera, Oñatitik 15:30ean eta 16.30ean irteten diren autobusak Arrikrutzera joango dira baldin eta bidaiariren batek hala eskatzen badu. Eskaera autobus gidariari egin behar dio herritarrak, autobusa hartzen duenean", azaldu du Garapen eta Turismo Agentziako arduradun Ikerne Altubek. Ordutegi berria turismo bulegoan dago eskuragai.