Domekan hasiko da Aizkorri Aratz parke naturaleko mendi irteeren egutegia

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko api. 7a, 09:41

Aloñako gurutzea

Guztira sei irteera antolatu dituzte hemendik eta urrira bitartean eta lehena domekan izango da, apirilaren 12an; Uraren ibilbidea. Parte hartzeko Arantzazuko parketxean eman behar da izena.

Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, Arantzazu Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak antolatu dituzte irteera hauek, elkarrekin. Seigarren aldiz antolatu dituzte eta apiriletik urrira egingo dituzte aurtengo irteerak.

Ibildideak pentsatzerako orduan kontuan izan dituzten irizpideen artean daude, esaterako, izaera natural eta kulturala nabarmentzea. Iraupenari dagokionez, ilunabarreko irteera ez ezik, gainerakoak domeka goizetan egingo dituzte eta salbuespenak salbuespen, zailtasunik gabeko eta herritar guztiari zuzendutako irteerak izango dira.

Sei irteeretatik hiru Arantzazuko parketxetik abiatuko dira, bi Urtiagaineko aparkalekutik eta bat Arrikrutzeko kobetako aparkalekutik, Araotzen. Guzti hauei hasiera goizeko bederatzietan emango zaie.

Uraren ibilbidea

Lehen irteera domekan izango da, apirilaren 12an, eta uraren ibilbidearen zati bat egingo dute. Antolatzaileek Orkatzategiko mendiaren oinetatik pasatzea erabaki dute, Urrexola Garaia mendi-lepora heldu arte. 10 kilometroko luzera du ibilbideak eta lauzpabost orduko iraupena.

Egutegia

Hauexek dira prestatu dituzten irteera guztia:

  • Apirilak 12, Jaturabe-Orkatzategi. Gaia: Uraren ibilbidea
  • Maiatzak 17, Belar-Biazkornia. Gaia: Amabirjinaren aulkia
  • Ekainak 14, Urbia-Oltza. Gaia: Artzain bidea
  • Uztailak 4, Arantzazu-Aloña. Gaia: Aloñako ilunabarra
  • Irailak 13, Urtiagain-Biozkornia. Gaia: Katabera meategiak
  • Urriak 18, Zurkutz-Malkorra. Gaia: Muga-ertzak

Izena emateko

Edozein irteeretan parte hartzeko komeni da izena aurrez ematea. Horretarako bideak dira: 943 78 28 94 edo arantzazuABILDUAgipuzkoamendizmendi.net. Nagusiendako prezioa da hiru euro eta gaztetxoendako (sei eta hamabi urte bitartekoendako) bi euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak