Korrika 19

Oñatiarren lekuko aldaketa guztiak

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko mar. 23a, 11:50

Gaur, astelehena, goizaldean sartu da Korrika Debagoienera elur bustia zela. 5:55 inguruan sartu da Udanatik, eta Oñatin, hamalau kilometrotan, 21 lekuko aldaketa izan ditu. Herriko gazteek egin dute Oñatiko lehen kilometroa, eta aurten estreinakoz, Lagun Leku jubilatuek ere eraman dute testigua. Ikastetxe eta hainbat lantegietako langileen eskuetatik lekukoa pasa ostean, Zubillagan, suhiltzaileek sekulako ongietorria egin diote; kamioiak kanpora aterata, argi eta sirenekin agurtu dute Korrika. Bideoan lekuko aldaketa guztiak.

Urduritasun apur batekin eta emozioz hartu dute Udanan bertaratutakoek Korrika. Legazpiarrak eta oñatiarrak zeuden gehien bat Debagoienean egin diren lehenengo kilometroetan, eta arrasatearren bat ere animatu da bere ibilbidea bertatik hastera. 

Gaztetxekoak, Oñatz dantza taldekoak, Andraitz feminista taldekoak eta Oñatiko Udala izan dira Udanatik behera lehen kilometroak egin dituztenak. Aurten, gainera, estreinakoz, Lagun Lekuko jubilatuek ere hartu dute testigua Oñatin. 

Ondoren etorri dira ikastetxeetako lekuko aldaketak: Elkar Hezikoek, Herri eskolakoek eta Txantxiku Ikastolakoek gogotsu eraman dute euskararen aldeko lekukoa. Kale Barrian behera jendetza izan da korrika egiten, eta balkoi edota leihoetatik ere askok jarraitu dute herrian barrena egin den ibilbidea.

Herriko hainbat lantegitako langileek ere hartu dute testigua, eta korrika egitera irten ezin izan direnak, lantegien kanpoko aldetik animatu dituzte korrikalariak.

Zubillagan, suhiltzaileek kanpora atera dituzte euren kamioiak, eta argiak piztuta eta sirenak jarrita hartu dute lekukoa umore onez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak