Urduritasun apur batekin eta emozioz hartu dute Udanan bertaratutakoek Korrika. Legazpiarrak eta oñatiarrak zeuden gehien bat Debagoienean egin diren lehenengo kilometroetan, eta arrasatearren bat ere animatu da bere ibilbidea bertatik hastera.
Gaztetxekoak, Oñatz dantza taldekoak, Andraitz feminista taldekoak eta Oñatiko Udala izan dira Udanatik behera lehen kilometroak egin dituztenak. Aurten, gainera, estreinakoz, Lagun Lekuko jubilatuek ere hartu dute testigua Oñatin.
Ondoren etorri dira ikastetxeetako lekuko aldaketak: Elkar Hezikoek, Herri eskolakoek eta Txantxiku Ikastolakoek gogotsu eraman dute euskararen aldeko lekukoa. Kale Barrian behera jendetza izan da korrika egiten, eta balkoi edota leihoetatik ere askok jarraitu dute herrian barrena egin den ibilbidea.
Herriko hainbat lantegitako langileek ere hartu dute testigua, eta korrika egitera irten ezin izan direnak, lantegien kanpoko aldetik animatu dituzte korrikalariak.
Zubillagan, suhiltzaileek kanpora atera dituzte euren kamioiak, eta argiak piztuta eta sirenak jarrita hartu dute lekukoa umore onez.