Jende kopuru polita batu zen atzo iluntzean Oñatiko gaztetxean dokumentala ikusteko. Adi jarraitu zuten guztiek, besteak beste, Susana Arregi oñatiarraren heriotza ekarri zuen Irunberriko 1990eko gertaera haren ingurukoak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa.
Dokumentalean ETAko kideen senide eta lagunek, abokatu batek eta udal ordezkariek hartzen dute parte, besteak beste; bertan, zalantzan jartzen dira gertaeraren gainean bere garaian emandako bertsio ofizialak. Guardia Zibila bertan eta irtenbiderik gabe ikustean, ETAko kideek beren buruaz beste egin zutela esan zen aurrena, eta Rubenachi egotzi zioten ondoren Arregi eta Lizarralde hiltzeko tiro egin izana (haien baimenarekin, lehen esandako arrazoiengatik). 1995ean, baina, Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen bertsio hori. Horrela, dokumentaleko protagonistek Irunberrin gertatutakoaren egia ezagut dadin eskatzen dute.