Ondarrutarraz gain, martitzeneko aurkezpenean Realeko beste jokalari batzuk ere izango direla aurreratu du taldeak. Aurkezpena 18:30ean izango da, Gaztelekuan – frontoi aldeko atetik izango da sarrera–. Gaztelekuko aforoa kontuan hartuta, aurkezpen ekitaldira sartzeko lehentasuna Txantxiku txuriurdinak taldeko bazkideek izango dute –txartela eramatea gomendatu dute–.
400 bazkideko lagunartea
Realzaleen taldea orain dela bi urte jarri zuten martxan, eta ordutik 400 zalek eman dute izena lagunartean. Bazkideak ez dira Oñatikoak bakarrik: Ondarroa, Valentzia eta Gasteizkoak ere badaude. "Valentziako 15 kide ditugu: betidanik realzaleak izandakoak dira, Arkonadaren garaikoak", azaldu du Amaia Lizarralde lagunarteko kideak.
Opariak banatuko dituzte
Iñigo Martinez eta beste lau jokalari etorriko dira Oñatira: bi gizonezko eta bi emakumezko –azkeneko egunera arte ez dute jakingo nortzuk izango diren–. "Umeek pasilloa egingo diete, eta bien bitartean Realeko ereserkia entzungo da Gaztelekuan. Ondoren, aurreskua dantzatuko diegu txistu doinuek lagunduta", azaldu du Lizarraldek. Bi aurkezlek gidatuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean hainbat galdera egingo diote Martinezi.
Gainera, bertsolariak egongo dira ekitaldia girotzeko eta futbol jokalariei hainbat opari emango dizkiete.