Azkarrenek ez dute denbora askoz ere gehiago beharko helmugara iristeko: Emakumezkoak 16:00etan hasiko dira lanean, eta gizonezkoak 16:15ean. Hala, Oñatiko kaleetan 5,2 kilometro korrika egin ostean bizikletak hartu eta Zubillagaruntz joango dira, eta handik bueltan San Pedroko bidegurutzean –Etxe-Aundi jatetxe parean– Zañartuko bidea hartuko dute –Usakoruntz–, ondoren, Lamiategiko malda gogorra igo eta kanposantutik Oñatira jaisteko. Eta, ibilbide horri bi itzuli egingo dizkiote: "Polita izango da, izan ere, bizikletako sektorean ere herri erditik pasako dira ziklistak. Hala, bizikletak boxes-etan utzi eta azken sektore azkarraz amaituko dute lasterketa, 2,6km-tako korrikaldiaz.
Errepidea, moztuta
Lasterkarien segurtasuna bermatuta egon dadin, ordu eta erdiz Oñatitik Zubillagarako irteera moztuta egongo da, eta baita sarrera ere: "Herritarrei barkamenak eskatu nahi dizkiegu aurretik, baina ez dago beste aukerarik, trafikoko araudi berriaz zirkulazioa eten behar dugu ordu eta erdiz. Hala, zapatu arratsaldean, esaterako, Gasteizera joan gura duenak lehenago irten beharko du, edo lasterketa ondoren [17:30]. Dena den, egun horretan herrian geratzeko proposamena egin gura dugu, giro polita egongo delako".