Aitor Otxoa eta Gorka Galdos oñatiarrak Pierra Menta lasterketan dira

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko mar. 11a, 14:34

Otxoa eta Galdos eskiatzaile oñatiarrak Alpeetan martitzenean, dortsalak hartu aurretik. | (Argazkia: Aitor Otxoa)

Gaur hasi eta zapatuan bukatuko da Alpeetako proba entzutetsua. Otxoak hamabigarren aldiz egingo du. Bestalde, Joxe Mendiola eta Iñaki Korta oñatiarrak azpi txapeldunak izan ziren, beteranoen mailan, Altitoy-Ternua proban.

Pierra Menta lasterketa entzutetsuan parte hartzen ari dira eguaztenaz geroztik Aitor Otxoa eta Gorka Galdos oñatiarrak. "Gorkak bikotea behar zuen eta berarekin joango nintzen galdetu zidanean, duela hiru bat aste, baietz erantzun nion", kontatu du Aitor Otxoak. Hala, hamabigarren aldiz lehiatuko da Otxoa lasterketa honetan.

Astelehenean abiatu zen Otxoa Oñatitik Alpeetara (Galdos Suitzan bizi da). Donostian lagun batzuekin elkartu, gaua bidean egin eta martitzenean jaso zituzten dortsalak bi eskiatzaile oñatiarrak. "XXX. aldiz egingo da aurten Pierra Menta eta aldaketa batzuk badaude. Aurten, esaterako, eguaztenetik zapatura izango da eta azken egunerako festa dute antolatuta", dio Otxoak. Hala ere, lasterketari berari dagokionez, aurreko urteetako besteko gogorra dela dio: "Oso gogorra da, bai, oso teknikoa. Fisikoki ondo egotea garrantzitsua da, baina mentalki indartsu egotea ezinbestekoa da. Negua da eta eguraldi ona egiten badu dena da errazagoa. Txarra egiten badu, berriz, gauzak asko oker daitezke eta prest egon behar zara horri aurre egiteko. Bestalde, egunak ere bestelakoak dira. Adibidez, 04:30ean gosaltzen dugu lasterketa 07:00etan hasteko".

Lau egunetan 10.000 metroko desnibel positiboan egingo dute eskiatzen, 2.500 metro inguru, gutxi gorabehera. "Egunean, bataz beste, hogei kilometro inguru egiten ditugu. Lau bat ordutan egingo ditugu. Hori da asmoa. Zapatuko proba izango da berezia. inguru jakin batetik hirutan pasako gara eta 4.000 lagun inguru egongo dira animatzen. Horien laguntzarekin eta aurten etxe ondoan egin ditugun entrenamenduekin, ea lasterketaz disfrutatzen dugun", dio Otxoak.

Andres de Regil saria

Bestalde, Euskal mendizale federazioak urtero ematen duen Andres de Regil saria jaso berri du Otxoak, "oso pozik".

Mendiola eta Korta

Joxe Mendiola eta Iñaki Korta, berriz, azpi txapeldunak izan ziren joan den asteburuan izan zen Altitoy-Ternua proban. Bi egunetako mendi proba izan zen eta lehen egunean, zapatuan, Euskadiko Txapelketa jokatu zuten. Mendiolak eta Kortak osatu zuten bikotea bigarren sailkatua izan zen beteranoen kategorian. 2.800 metroko desnibela izan zuen mendi zeharkaldiak eta "oso gogorra" izan zen parte-hartzaileen hitzetan. Abixaran taldeko bi kidek, Marije Zubizarretak eta Lukene Igartuak, ere hartu zuten parte, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak