Manifestazioa egin dute Oñatin, Alberto Plazaola berriz kartzelaratzeko erabakiaren kontra

Iluntzean Oñatin egin duten manifestazioko une bat.

Aurretik eta ondoren, Aitto-ren etxe atarian batu dira hainbat herritar, atxilotze agindua edozein momentutan eman dezaketela-eta, euren babesa adierazteko. Azken gertaeren gaineko irakurketa "iluna" egin du Oñatiko ezker abertzaleak, eta erabaki honen atzean espainiar estatuaren eta PPren "mendeku gosea" dagoela adierazi du. Aurrera egiteko desioa azaldu eta lasaitasun mezua helarazi die herritarrei.

Auzitegi Gorenak atzera bota du Audientzia Nazionalaren erabakia eta, ondorioz, espetxera itzuli beharko dute Alberto Plazaola Aitto oñatiarrak eta Santiago Arrospidek; bost epailetik lauk egin dute Frantziako espetxealdia aintzat hartzearen kontra.

Irakurketa "iluna" egin du Oñatiko ezker abertzaleak, espainiar estatutik albiste "txarrak" datozela esanez. Baina berriak ez dituela ezustean harrapatu gaineratu du, fiskalak errekurtsoa jarri zuela kontuan izanik, eta itxaropentsu agertu da: "Esperantza dugu Europak bertan behera utziko duela estatu espainiarra egiten dabilena, baina uneotan ikusten duguna da estatu espainiarrak, PPk kasu honetan, mendeku gosea duela, eta bere apustua dela euskal prozesatuek ahalik eta kondena luzeena betetzea. Hauteskunde urtea da, PPk asko du jokoan, biktimen papera ere hor dago…".

Ezker abertzaleko Joxemari Zugastiren esanetan gehienez ere 2018ra arte egongo litzateke Plazaola espetxeratuta, baina espero dute hori baino lehen etorriko dela aske uzteko agindua Luxenburgotik.

"Babesa adierazi nahi diegu eta injustizia hau salatu. Uste dugu konponbide garaia dela, ez espetxeak betetzekoa. Lasaitasun mezua eta aurrera egiteko desioa helarazi nahi dizkiegu herritarrei, badagoelako bidea; zapatuan, BECen aurkeztu zen Euskal Bidea. Hori lantzen joango gara eta uste dugu, gehiengo soziala batuz gero, joango garela gatazkaren korapiloak askatzen", azaldu du Zugastik.

Foruen plazan hasi eta bukatu da Sortuk deituta egin duten manifestazioa. Tartean, geldialdia egin dute Aitto-ren etxe aurrean eta txalo zaparrada luzea entzun da. Hainbat hedabide daude bertan, arratsaldeaz geroztik.

Erlazionatuak

Mikel Biain: "Plazaola berriz kartzelaratzeko erabakiak erakusten du Espainiarekiko lotura eteteko dugun beharra"

Oñati

Oñatiko alkateak elkartasuna adierazi die Alberto Plazaolari eta bere sendiari.
Alberto Plazaola oñatiarra kartzeleratzea erabaki du Auzitegi Gorenak

Oñati

Auzitegi Nazionalak hartu zuen erabakiaren kontra egin du Gorenak; Frantziako espetxeetan betetako zigorra Espainian ezarritako zigorrari ez kentze...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.