2014ko abenduan, Audientzia Nazionaleko lehen aretoko epaileak Alberto Plazaola oñatiarraren askatasuna onartu zuen, Frantziako estatuan beteriko zigorrak kontatu beharra dagoenaren aldeko hautua egin ostean. Europak 2008an onartutako zuzentaraua ezarri zuten erabaki horrekin. Fiskaltzak, baina, helegitea jarri zuen erabaki horren kontra eta gaur, Auzitegi Gorenak hartuko du auzi horren gaineko erabakia. Frantziako estatuan betetako zigorra kontuan ez dela hartu behar erabakitzen badu, espetxera buelta daiteke Aitto.
Europatik zetorren irizpidea aintzat hartuta eta urte kopuruen murrizketa egin ondoren, aske geratu zen preso oñatiarra 2014ko abenduaren 4an, Curtiseko (Galizia) Teixeiro espetxetik. 2015eko urtarrilean baina, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Espainian ezarritako zigorrari ez zaiola kendu behar presoek Frantzian betetako espetxe urte kopurua. Plazaola berriz ere espetxera bueltatzeko aukera gertuago ikusten zutela esan zuten orduan haren senideek.
Elkarretaratzea
Oñatiko Sortuk elkarretaratzea deitu du gaurko, martitzena. 19:00etan izango da, Foruen plazan eta leloa, hauxe: Espetxe politika kriminalari Stop! Presoak etxera. Aitto libre