Talde handia elkartu du gaur Arrikrutz koba atarian. 17:00etan eman diote hasiera bertsoak oinarri izan dituen bisita bereziari. Sartu eta koloreen gelan egin dute lehenengo geldiunea ikusleek. Bertan zituzten zain Amets Artzallus, Aitor Mendiluze Maider Arregi eta Andoni Goitia. Gai-jartzaile lanak egiteko Mirari Sagartzazu zuten aldamenean.
Pare bat orduko lur azpiko bertso saio ibiltaria izan da. Bertsolariek bertsotan egin dute baita ere lehoia dagoen inguruan eta hartzen irudiaren ondoan.
Umoretik jo du gehienbat bertso saioak. Maider Arregi, esaterako, estalaktita lanetan ipini du Sagartzazuk Andoni Goitia estalakmita zen bitartean. Urteetan emaitzarik gabe aztarna bila ibilitako bi lagunen larruan ere ipini ditu Sagartzazuk Oñatiko bi bertsolari gazteak. Artzallus eta Mendiluze etorri eta denbora gutxira lehoiaren aztarnak aurkitu dituzten bi espeleologoren paperean jarri ditu.
Hartzen irudiaren ondoan, berriz, Marik egin du bertsotan Maider Arregiren ahotik. Eta amaitzeko neguko loaldiaren ondoren esnatu berri diren lau hartzen gogoetak ere entzun dira gaur Arrikrutzen.
Jendea gustura irten da lur azpiko bertso saio ibiltari honetatik. Koba bera ikusteaz gain bertso saio berezi batez gozatzeko aukera izan dute. Gustura agertu dira, baita ere, lau bertsolariak. Bestelako esperientzia izan da denendako ere.