Korrika 19ko materiala saltzen egongo dira bihar, zapatua, Foruen plazan, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Korrikako herri batzordeko kideak. Kolore eta tamaina ezberdinetako arropak egongo dira salgai, adibidez, eta aukera egongo da zuzenean erosi edo modelo konkretuko prendaren bat hurrengo asterako enkargatzeko. Izan ere, martxoaren 14an, ordu eta toki berean egongo dira berriz Korrika 19ko materiala saltzen.
Suizidioaren gaia
Bestalde, Korrika kulturalaren barruan, Pankreas antzezlana ekarriko dute martxoak 13an Santa Ana aretora. Patxo Telleriak sortutako tragikomendia bat da, bertsotan idatzia. Hiru aktore ezagun taula gainean: Joseba Apaolaza, Mikel Martinez eta Patxo Telleria. Suizidioaren gaia agertzen da antzezlan honetan eta herriko ikastetxeetan gai hori ari dira lantzen batxilerreko ikasleekin, horretarako propio sortu den material didaktikoarekin.