Aloña Mendiko atletak 13., distantzia luzeko Espainiako kros txapelketan

Mireia Bikuña 2015ko mar. 2a, 12:30

Sentsazio gazi-gozoarekin itzuli dira Aloñako ordezkariak Caceresetik. Gozoa emaitzarengatik –euren helburua lehen hamabosten artean geratzea zen–, baina gazia lortutako puntu kopuruak, aurreko urteetan, sailkapenean aurrerago egoteko aukera eman izan duelako. "Duela bi urte baino puntu gehiago lortu ditugu, baina sailkapenean atzerago geratu gara. Horrek esan gura du talde indartsuak egon direla lehian. Arantza horrekin geratu gara", esan du Yerai Varelak.

Caceresen jokatu zen domekan distantzia luzeko Espainiako kros txapelketa. 32 talde eta hamaika kilometroko ibilbidea. Lehorra. "Elgoibarren lokatz artean ibili ginen, eta Caceresen ez genuen euri arrastorik ikusi. Aspaldian euria egin barik zegoen han, eta ibilbidea erabat lehorra zegoen. Akaso gehiegi", dio Varelak.

Ibilbide laua espero zuten Aloñako ordezkariek, baina gorabehera handikoa zen. "Ibilbide gogorra. Igoera eta jaitsiera handikoa", laburtu du Varelak.

Postuaren araberako puntuak

Aloña Mendiko sei korrikalarik hartu zuten parte: Tasio Gomezek, Yeray Varelak, Sergio Gartziak, Alberto Revueltak, Aritz Ruizek eta Imanol Cruzek.

Azken sailkapena egiteko talde bakoitzeko lau korrikalari onenen postuak hartu zituzten aintzat. Lortutako postuaren araberako puntuak banatu zituzten. Revuelta 37. lekuan sailkatu zen, Cruz 43. lekuan, Varela 44. postuan eta Gartzia 105. 

Babesle bila

Taldekako lanak bukatuta, Laredon jokatuko den 10 kilometroko proba dute begiz jota Aloñako korrikalariak. Baina badute beste erronka bat eskuartean: taldearendako babeslea topatzea. "Taldeka lehiatzen jarraituko dugu, baina Aloñak ematen digun laguntza ez da nahikoa. Txapelketatan parte hartzeko laguntza behar dugu, eta babesle bila hasiko gara", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak