Gomiztegiko artzain eskolako uzta berria dira. Bederatzi dira eta sei hilabeteko prestakuntza ikastaroa egin duten irailetik otsailera. Iban Aramendi, Xabier Azurmendi, Julen Biain, Ariel Dominguez, Antton Iturriaga, Gaizka Lopez, Julen Osaka, David Oskoz eta Gema Serra dira. Sei Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, bi Nafarroakoak eta bat Aragoikoa.
Artzain makila eta diploma jaso dituzte artzain eskolako arduradunen eskutik, baina argi dute ibilbide berri baten hasieran direla.
Artzain eskolaren 18. prestakuntza saioa izan da honakoa. Urteotan 232 ikasle pasa dira Gomiztegitik, eta gaur emandako datuen arabera horietatik 125 dira artaldearekin jarraitzen dutenak.
Egokitzapenak prestakuntzan
Aldaketak egin dituzte, aurten, Gomiztegiko prestakuntza saioan. Artalde duten ikasleek lehentasuna izan dute izena emateko orduan. Hala, ordutegiak egokitu egin behar izan dituzte, eta beka bat ere izan dute ikasleek.
Indartu diren ikasgaien artean nabarmendu behar da errentagarritasuna. "Produzitzea garrantzitsua da baina produktua ondo kokatzea ere bai", esan du eskolako koordinatzaile Batis Olaetak.
Bi omendu
Eikitaldian Ramon Ugarte Azkarreta artzain oñatiarra eta Eroskiko langile Josu Ogiza omendu dituzte. Lehenengoa ez da ekitaldian izan gaixorik zegoelako. Artzaintzaren eta artzain eskolaren alde egindako lanarengatik omendu dute. Ogiza marketing eta salmenta kontuetan eskolari eskainitako laguntzarengatik omendu dute.