Ray Fernandez Kubako trobadoreak zuzenekoa eskainiko du gaztelekuan

Maider Arregi 2015ko ots. 26a, 12:22

Ray Fernandez musikari kubatarrak Euskal Herrian eskainiko duen lehen zuzenekoa, Oñatin eskainiko du. Gaztelekuan izango da zapatuan, otsailaren 28an, 22:30ean hasita.

Ondo gogoratzen du Ruper Ordorika musikari oñatiarrak Ray Fernandez musikariarekin eta Bladimir Zamora idazlearekin batera emandako zuzenekoak Kuban. "Oso aberasgarria izan zen. Bladimir poeta benetan interesgarria da eta Ray kantari handia da", azaldu du Ruper Ordorikak. "Kubako iraultzarekin lotuta, Silvio Rodriguez eta Pablo Milanes hartzen ditugu kontuan. Ray, aldiz, beste belaunaldi batekoa da eta badauka hanka bat ondo jarrita hango kantu zaharrean ere. Kantu oso erritmikoak egiten ditu; herrikoiagoak". Ordorikak, gizon apala dela azpimarratzen du. Baina, egunerokoan oinarritutako kantu kritikoak eta zorrotzak egiten dituela. "Ez du bere burua intelektual moduan erakusten, baina badu begirada zorrotza; oso ondo errotua han. Umoretsua ere badela uste dut", dio Ordorikak. Jarraitzaile asko dituela Habanan eta oso maitatua dela ere badio musikari oñatiarrak. "Zapatuko zuzenekoak mereziko du; ez dut bere taldea ezagutzen; joango naiz bai kontzertura".

Kubako trobadorea

Euskal Herria asko maite duen arren, Ray Frenandez lehen aldiz dator gurera eta lehen zuzen ekoa emango du gainera. Otsailaren 28an, gaztelekuan izango da Kubako trobadorearen doinu herrikoiak entzuteko aukera, 22:30ean hasita. Kubatarraren abestien letrak bereziak dira eta haren ahotsa apartekoa. Abesterakoan erakusten duen indarra ahaztu ezinekoa askoren esanetan. Gainera, Ray Fernandezekin musikari onak datoz. Haren erritmo bizi eta inprobisazio senera ondo ohitutakoak dira gainera: Miguel Alejandro Valdes, baxua, Roylan Carballosa, perkusioa, eta Lorenzo Molina, tronpeta-jotzailea. Habanan bizi diren euskaldunek, musikariaren adiskidetasunaz gozatzeko zortea dute aspalditik. Baina, Habanaraino joan ezin direnak, Euskal Herrian zuzenean ikusi eta haren abestiez gozatzeko aukera ezin hobea dute zapatuan. Kuban zer pasatzen den eta hango errealitatea gerturatuko du Kubatarrak bere zuzenekoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak