Javi Gomez da Aloña Mendiko entrenatzailea. Domekako krosean Sergio Gartziak, Yeray Varelak, Mikel Ugartek, Alberto Revueltak, Imanol Cruzek, Tasio Gomezek, Unai Hernandezek, Aritz Ruizek eta Juan Señok parte hartu zuten. Aloña Mendiko kideek azaldu dute azkeneko urteetako kros lehiatuena izan zela domekakoa. 200 atleta baino gehiago izan ziren Elgoibarko irteera puntuan, eta denera 20 talde lehiatu ziren. Aloña Mendik gogor egin behar izan zuen lan podiumera igotzeko.
Lokatz "asko" zegoen
Eguraldi euritsua, hotz handia eta lokatza zegoen domekan Elgoibarren. Aloña Mendiko atletendako ez zen egokiena: "Lokatz asko zegoen. Niri ondo datorkit hori, baina beste guztiei ez hainbeste", azaldu du Sergio Gartziak domekako lehiaren gainean. Lasterketa ondo hasi zutela dio Gartziak, baina kilometroak egin ahala, atzean geratzen hasi zirela: "Momentu batean, lasterketa erdialdean, bigarren geunden", dio Gartziak. Baina, Aloña Mendiko atletek indarrak atera eta lehenengo postua eskuratu zuten. "Gure atletak azkarrak dira, eta horrelako zirkuituetan ezin da azkar joan; jausi barik mantentzea izaten da helburua", azaldu dute Aloña Mendiko kideek.
Aloña Mendikoekin batera podiumera igo ziren Durango eta Santurtzi.
Espainiako txapelketara
Elgoibarren lortutako txapelketarekin, gainera, distantzia luzeko Espainiako txapelketa jokatzeko txartela lortu du Aloñak. Espainiako txapelketa martxoaren 1ean jokatuko dute, Caceresen. Parte hartuko duten atletak izango dira: Gartzia, Varela, Gomez, Revuelta, Ruiz eta Cruz.
Bestalde, Aloña Mendik distantzia motzeko Espainiako txapelketa jokatzeko txartela ere eskuratu zuen Azpeitian; baina, ez dute parte hartuko txapelketan.
Mikel Ugarte oñatiarrak (argazkian, Varela eta Gartziarekin batera) ez du Caceresen parte hartuko. Ugarte promesa da eta Espainiako txapelketan parte hartzeko nagusien mailakoa izan behar da.
Gaztetxoen emaitzak
Elgoibarko krosak askorako eman zuen. Aloña Mendiko kadete mailako atletak hirugarren tokian sailkatu ziren taldeka. Kontuan hartuta Aloñako atleta guztiak lehenengo urtekoak direla, "oso emaitza ona" izan da Elgoibarkoa. Emaitza ona izan arren, pena "txiki" bat izan dute: Espainiako txapelketara lehenengo bi taldeak bakarrik sailkatzen dira.
Gazte mailan Dayber Losadak bakarka parte hartu zuen eta 8. tokian sailkatu zen.
Sara Gomezek ere "oso lasterketa ona" egin zuen: "Lehenengo itzulian, putzu batean, bi oinetakoak atera dizkiote. Hala, oinetakoak janzten geratu behar izan du, eta ondorioz bederatzigarren tokian amaitu du".