'Zarautzen erosi zuen' laburra Clermonten lehian

Imanol Gallego 2015ko ots. 6a, 13:10
'Zarautzen erosi zuen' film laburraren emanaldietako bat.

Aitor Arregi zinemagile oñatiarra Frantziako Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur Jaialdian izan da asteon, Zarautzen erosi zuen lanarekin, nazioarteko beste 79 laburrekin lehiatzen.

Kimuak programaren baitan

Etxepare Institutuak bultzatutako Kimuak programaren eskutik eraman dute oñatiarraren azkeneko lana, film laburren esparruan, nazioarteko jaialdi garrantzitsuena den lehiaketara. Bihar, zapatua, emango dituzte aditzera sarituen izenak. 

"Honako hau laburren Cannes dela esaten dute. Sariren bat irabaztea zaila izango da, baina, emanaldietan izan duen harrera ikusita, aretoak bete egin ditu, eta, jaso ditugun profesionalen iritzi onak direla-eta, beste jaialdi batzuetako arduradunenak horien artean, oso gustura gaude", dio Frantziatik Esther Cabero aretxabaletarrak, Kimuak programako ordezkariak, eta zera gaineratu du: "Arregiren lana iragartzen duen Iker Aiestaranek diseinatutako kartelak hormetatik desagertzen ari dira; beraz, esparru ezberdinetan interesa sortu duela esateko moduan gaude".

Zarautzen erosi zuen Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten eta harrezkero zinema jaialdi askotan lehiatu da. 

Goya sarietara bidean 

Arregik, baina, ez du atsedenik hartzeko astirik izango, bihar, zapatua, Goya sarien galan egongo da-eta Loreak filmarekin, hura baita ekoizlea. 

Filmak sarietarako bi izendapen lortu ditu, film onenarena eta musika onenarena. Sariren batekin bueltatzea zaila izango den arren, ilusioz doa Madrilera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak