Osasuntsu dago mendi saila

Irati Goitia 2015ko urt. 30a, 10:39
Mendi sailak eginiko irteera batean ateratako talde argazkia.

Herrian bazkide gehien dituen kirol elkartea da; zehazki, 850 kide inguruk osatzen dute taldea. Hilero antolatzen dituzte irteerak. Hurrengoa izango da otsailaren 7an egingo duten eski zeharkaldia

Azken asteotan lanpetuta izan dira Aloña Mendiko mendi saileko batzordeko kideak. Izan ere, federatuen txartelak jaso dituzte eta horiek banatzen jardun dute. "Gure sailean izaten dugun zeregin garrantzitsuenetako bat hau izaten da: federatuen inskripzioak egitea", adierazi du Juan Mari Ibarrondok, mendi saileko batzordeko kideak.

850 bazkide

1967an ekin zion bere jardunari mendi sailak. Lehenagoko Txantxiku Txoko elkartearen jarraipena hartu zuen. Egun, 850 bazkide inguru ditu; horrela, Aloña Mendi Kirol Elkartean bazkide gehien dituen arloa da. Eta Gipuzkoan bazkide gehien dituen mendi sailetako bat, Ibarrondok zehaztu duenez.

Azaro-abendua aldera egiten dute izen-ematea; horrela, bazkideak urte hasieratik egon daitezen federatuta."Hainbat onura izaten dira: Federazioak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko aukera izaten da, edo deskontuak aterpetxeetan. Horretaz gain, eta garrantzitsuena, estaldura medikua ematen du", azaldu du Ibarrondok. Bada, mendi sailekoek garrantzia eman nahi diote jendea federatuta egoteari. Eta, hala, aurtengo antolatu dituzten irteeretan parte hartzeko baldintza moduan jarri dute federatuta egotea –orain arte ez zen beharrezkoa–. Horretaz gain, Ibarrondok nabarmendu nahi izan du euren txangoetan garrantzi berezia izaten duela segurtasunak: "Antolatzen ditugun irteeretan gure lehenengo helburua izaten da segurtasuna. Hala, ibilbide bakoitzak bere arduraduna izaten du, eta hura arduratzen da bidea egoki dagoen ziurtatzeaz eta gainerakoei azalpenak emateaz. Bestalde, ibilbideak beti izan behar du ordezko plan bat: B plana. Eta argi izan behar dugu ez dela derrigorrezkoa tontorrera heltzea".

"Jendea ezagutzeko aukera"

Hilero antolatzen dute irteera bat, gutxienez. "Saiatzen gara toki ezberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen. Normalean, autobusean joan ohi gara, eta horrek ematen du aukera toki batean hasi eta beste batean bukatzeko. Autoz, geure aldetik, joaten garenean ez da horretarako aukerarik izaten", dio Ibarrondok. Urteko lehena urtarrilaren 18an egin zuten. Olabartako bira, hain zuzen ere. Ondoren, bazkaria egin zuten. "Hogei edo hogeita hamar lagun inguru elkartu ohi gara. Adin eta arlo askotarikoak. Hala, jende asko ezagutzeko aukera izaten da. Esango nuke erlazioak egiteko oso modu egokia dela".

Altuera handiagoko bi irteera ere egiten dituzte urtean zehar: "Uztailean egiten dugu bat, 2.000 eta 2.000tik gorako bat. Aurten, Otsogorrigañe eta Auñamendira goaz. Eta irailean irteera potenteagoa egiten dugu, 3.000koetara joaten gara". Horiek bi eguneko irteerak izaten dira, baita eski zeharkaldiak ere. "Horiek zailagoak dira antolatzeko, eguraldiarekin menpekotasuna izaten da-eta", dio. Aurten lehenengoa otsaileko lehen asteburuan egingo dute. Bataneseko bira egingo dute, baita Portaletetik hasita Pico Moneko lepotik Astunerako ibilbidea ere. Izena eman nahi dutenek otsailaren 3a baino lehen egin beharko dute Aloña Mendi tabernan –federatuta egotea eta Frantziako Pirinioetako estaldura izatea derrigorrezkoa da–. Bakoitzak eraman beharko ditu bere kranpoiak, pioletak, ARVAa, pala eta zunda. Materialik ez duenak mendi sailekoekin harremanetan jarri behar du. "Lehen eski zeharkaldiaren maila ez da oso zaila izaten, hasten den edonork jarraitzeko modukoa izaten da. Bigarrena izaten da potenteagoa. Aurtengoa erabakitzeko dugu".

Ekintza eta ekitaldi ugari

Irteerez gain, beste hainbat ekintza ere antolatzen dituzte. Urteroko hitzordu bilakatu dira, esaterako, Mendi Hamabostaldia eta argazki lehiaketa. "Kolaboratzaileak ditugu eta eurak arduratzen dira guztia antolatzeaz. Azken urteotan, gainera, hamabostaldia indarra hartzen joan da. Pentsa, lehen aste batera mugatzen zen. Hitzaldi erakargarriak ekartzen saiatzen dira. Horrela, azken urteotan izen entzutetsuak ekarri dituzte: Horia Colibasanu, Denis Urubko edo Alex Huber. Argazki lehiaketari dagokionez ere, 2014koa hamaikagarren edizioa izan da".

Eskalda eskola

Azken urteotan asko indartu da mendi sailaren baitan dagoen eskalada arloa. Horrela, eskola ere sortu dute. Egun, 43 neska-mutikok dihardute, lau taldetan banatuta. Astean ordu eta erdiko saioa egiten dute. Jon Agirrek eta Ruper Aialak jarduten dute irakasle. Bestalde, Araotzeko ekipamendua hobetu nahian dabilen beste talde bat ere badabil lanean eta horra ere bideratu dute dirua sailetik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak