Aste barruan bi hitzordu izan dituzte Antixeneko gaztetxean, urtarrileko egitarauaren barruan. Astelehenean drogen eta mugimendu sozialen gaineko autoformakuntza izan zuten. Eguaztenean, berriz, Adierazpen libreko gunea fanzineko laugarren alea aurkeztu zuten. Hainbat hedabidetan argitaratutako edukiak batzen ditu eta salgai izango da euro baten gaztetxean bertan eta Arrano tabernan.
Asteburuan hainbat ekintza
Aste barruan bi ekintza izan dituzte eta astebururako beste bi hitzordu prestatu dituzte asanbladako kideek. Gaur, egubakoitza, Katihotsak Logia kultur ekimenak egindako bi film labur ikusteko aukera izango da: Ataun of the Dead eta Joxean's Hil Eben. Gainera, lan horien zuzendariak gaztetxean bertan izango dira eta eurekin hitz egiteko aukera izango dute joandakoek. Emanaldia 22:00etan hasiko da.
Bihar, zapatua, musikaz gozatzeko aukera izango da. Izan ere, punk gaua antolatu dute. Hiru talde igoko dira gaztetxeko taula gainera: Azpeitiko Baserriko Oilaskuak Labin, Aretxabaletako Guapaheroes eta Zumaiko Brote. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira eta sarrera bi euro ordaindu beharko da.