Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Miren Elgarresta, EAJren Oñatiko alkategaia

Goiatz Arana Begiristain 2015ko urt. 22a, 12:47

Oñatiko EAJren batzarrak aho batez  aukeratu du, eta "pertsona ezin egokiagoa" dela adierazi du Uri Buru Batzarreko lehendakari Mikel Iturrospek. Miren Elgarrestak kudeatzaile profila du eta udalerriko eginkizunek, hain justu, "politikarekin baino kudeaketaren zerikusi gehiago" dutela azaldu du. Alkategai jeltzalearen xedea da "Bilduren Udal taldearen alternatiba izatea, Oñatiko herriari eta oñatiarrei Udal kudeaketa ona eskaintzeko". Albaitaritza ikasi zuen eta baserri munduko eta lehen  sektoreko enpresetan lan egin du urte luzez; azken urteetan, aldiz, ingurumen alorrean dihardu.

Goizean ezagutarazi du EAJk maiatzeko Udal hauteskundeetara begira Oñatirako aukeratu duen zerrendaburua; Uri Buru Batzarreko lehendakari Mikel Iturrospek jakinarazi du Miren Elgarresta izango dela, Oñatiko EAJren batzarrak aho batez  aukeratuta. "Gure herriak aurrean dituen erronkei ongien aurre egingo dien hautagai egokiaren bila ibili gara azken hilabeteetan eta esan dezakegu pertsona ezin egokiagoa aurkitu dugula", adierazi du Iturrospek.

"Berdintasunean sinesten dugu"

"Berriro ere herriko emakume bat aukeratu dugu gure zerrenda-buru izateko, eta honek berdintasunean benetan sinesten dugula argi erakusten du", gaineratu du. Jeltzaleak ziur daude "Oñati kudeatzeko pertsonarik egokiena" dela, "bere formazioagatik eta baita duen ibilbide profesionalagatik ere".

Elgarrestak albaitaritza ikasi zuen Zaragozan, eta baserri munduko eta lehen sektoreko enpresetan lan egin du, urte luzez. Azken urteetan, aldiz, ingurumen alorrean dihardu lanean eta, egun, Arantzazuko parketxean, proiektuen teknikari modura. Iturrospek azpimarratu du naturarekiko, baserri munduarekiko eta, oro har, gure ingurunearekiko "sentsibilitate berezia" duela.  

Uri Buru Batzarreko lehendakariak nabarmendu du gaur egun ez dela erraza udalgintzan aritzeko konpromisoa duen jendea aurkitzea; Elgarrestak, ordea, hasieratik erakutsi dituela "lanerako ilusio eta gogoa eta bere herriarekiko konpromisoa", eta hori benetan eskertzekoa dela.

Kudeatzaile profila

Hautatu berri duten alkategaiari hitza eman aurretik, Iturrospek adierazi du Miren Elgarrestak ez duela bere ibilbidea politikagintzan egin eta bere burua kudeatzaile modura ikusten duela, "horregatik, gure herriaren kudeaketa eta garapenari ekarpen handia egin diezaiokela uste dugu".

Miren Elgarrestak, lehenik eta behin, Uri Buru Batzarreko alderdikideei eskerrak eman dizkie beregan jarritako konfiantzagatik: "Arriduraz jaso nuen euren proposamena, batez ere, nire profil profesionala ez delako politikoa". Hala ere, EAJren proiektuekin, pentsamolde eta ildo politikoekin bat egiten duela adierazi du, nahiz eta politika mailan esperientziarik ez izan.

Miren Elgarrestaren hitzetan, bere profila kudeaketa munduan garatu da, hain zuzen ere, lehen sektorean. Alkategaia baserri enpresetan ibilia da urte askoan, aholkularitza tekniko eta ekonomikoa ematen; azken urteotan, baserri mundua eta landa-lurrak albo batean utzi gabe, ingurumen alorrean aritu da lanean.  "Beraz, kudeatzailea naiz, kudeatzaile sentitzen naiz, eta halaxe aurkeztu nien nire burua alderdikideei; Oñatirako nire ekarpen eta asmoa da kudeaketa bide horri jarraitzea". Elgarrestaren iritziz, udalerriko eginkizunek, politikarekin baino kudeaketaren zerikusi gehiago dute, "azken finean, herri batean, herriak berak dituen ondasunak eta herritarren beharrak dute lehentasuna", adierazi du.

Bilduren Udal taldearen alternatiba izatea du helburu

Alkategai jeltzalearen xedea da Bilduren Udal taldearen alternatiba izatea, "Oñatiko herriari eta oñatiarrei Udal kudeaketa ona eskaintzeko; gobernu ona ezartzeko, gardentasunean oinarrituko dena, inprobisaziorik gabea, plangintzan oinarritukoa, egonkorra eta eraginkorrak izango diren proiektuak bultzatuko dituena".

Elgarrestak nabarmendu du krisi egoera dela eta, ekonomiak izan behar duela politikaren ardatz nagusi: "Ezin dugu ahaztu guztion ongizatea eta egungo gizarte politikak ekonomia horretan oinarritzen direla", adierazi du. Gipuzkoako beste herrien antzera, Oñatiko ekonomiaren motorra industrian kokatzen da; beraz, orokorrean, industria garatzen duten enpresei, bai handiei eta baita txikiei ere, bultzada ematea behar beharrezkotzat jotzen dugu; halaber, gaineratu genezake, Oñatiko EAJ alderdiak industria jasangarriago batean sinesten duela eta ildo horretatik lan egitea izango dela gure asmoa".

"Familiaren babesa"

Amaitzeko, arlo pertsonalean gehien baloratzen duena familia dela adierazi du alkatetzarako hautagaiak: "Nire bizitzan oinarrizkoa da nire familia, beraiengandik jaso dut animo gehien: beraien babesa, laguntza, fideltasuna, zintzotasuna... beraiek ematen didaten guztiarekin, uste dut errazagoa izango dela niretzat erronka honi aurre egitea", gehitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak