Erabakia hartzeko zeregina zuten hamabost epaileetatik bederatzik egin dute aipatutakoaren alde, eta seik kontra. Kontra azaldu direnek, Efe albiste agentziaren arabera, erabakia hartu aurretik Luxenburgoko Auzitegian kontsulta egitea proposatzen zuten.
Hain justu ere, Gorena erabakia hartzeko aurreneko aldiz batu zen egunean, abenduaren 16an, Alberto Plazaolaren anaia Gerardok aukera hori aipatzen zuen, Gorenak Luxenburgora kontsulta egitea, alegia, ezer erabaki aurretik. "Itxaropen" hori zuen familiak. Azkenean, ez da hala izan.
Hala ere, senideen arabera, Luxenburgok izango du oraindik zer esanik auzian. Azkenean, "ziur aski", auzia hara iritsiko dela eta epaitegi hark presoaren interesen alde ebatziko duela zioen Gerardo Plazaolak aipatutako adierazpenetan.
Manifestazioa Oñatin
Sortuk deituta, "Espetxe politika kriminalaren kontrako" manifestazioa egingo da arratsaldean Oñatin, 19:00etan plazatik abiatuta. Plazaolaren askatasuna aldarrikatuko dute bertan.
Alberto Plazaola abendu hasieran irten zen espetxetik, 24 urte kartzelan egin eta gero.