Oñatiko txapelduna onenen artean

Andoni Goitia, Maddalen Artzallus, Andoni Egaña, Amets Artzallus, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze.

Herriko bertsolari txapelketa irabaztea erronka makala ez eta beste bat egokitu zaio Gabonetan Andoni Goitiari, Oñatiko VII. Bertsolari Txapelketako txapeldunari.

Zer eta Oñatiko urteroko Errege bezperako bertso saioan, Euskal Herriko bertsolari handiekin agertokia konpartitzea. Ez zaio tenorea txapelduna izateagatik egokitu; izan ere, Oñatiko Bertso Eskolaren nahia da herriko bertsolariek Euskal Herri mailakoekin saioak egitea, eta testuinguru horretan egokitu zaio aurten Goitiari saioa egitea. Hamabost egun lehenago Bertsolari Txapelketa irabazita, baina, Goitiak bazekien lan txukuna egiteko gai izango zela, eta hala izan zen, gainera. 

Inoizko plazarik berezienean

Egoerak logiko egiten duen "tentsio puntuarekin" igo zen Oñatiko pilotalekuko oholtzara. Pilotalekua senitarteko, lagun eta herrikidez lepo, handi gertatu zitzaion, hasiera baten: "Atetik begiratu eta pentsatu nuen ikaragarria zela, plaza ederra. Ez ditugu gure buruak horrelako leku baten askotan ikusten. Bestetik, errespetu handia ematen zidan", dio Goitiak, hasierako sentsazioez galdetuta. "Alde batera begiratu eta Maddalen Artzallus, bestean Andoni Egaña, Aitor Mendiluze... Agurra abestu nuenean ikusleak nirekin zeudela jabetu nintzen. Egañak ere ondo ari nintzela esan zidan. Hala ere, nik ez nuen horrela sentitzen", gaineratu du oñatiarrak. Tentsio egoerak eta urduritasunak gaina ere hartu zioten une batzuetan. "Haserretu ere egin nintzen neure buruarekin. Banekien aprobetxatu behar nuela momentua eta ideiatan ondo aritu arren, sentitzen nuen ez nintzela ari egoera aprobetxatzen". Hala ere, umorea egiten asmatu zuen oñatiarrak eta ikusleak gogoz txalotu zuen haren lana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.