Espetxe politikaren aurkako manifestazioa egingo dute arratsaldean

Jon Berezibar 2014ko abe. 16a, 10:12

Espainiako Auzitegi Gorenak Frantzian zigorra betetako presoei ezarri beharreko irizpideen aldaketa aztertuko du gaur. Hala izatekotan, luzatu egingo liekete Espainian egin beharreko espetxealdia 47 presori eta, horien artean, eragingo lioke askatu berri duten Alberto Plazaola Aitto oñatiarriari. Espetxe politika kriminalari stop: Aitto libre lemapean, manifestazioa egingo dute gaur 19:00etan Foruen Plazatik abiatuta.


Oñatiko Sortuk helerazitako oharra:

Espainiar Gobernuak euskal preso politikoen aurkako ofentsiba berria hasi du.

Europatik datorren zuzentarauaren kontra eginez, preso gehiago kaleratzeko oztopo guztiak jartzeko prest dago.

Datorren asteartean, hilak 16, Auzitegi Goren espainiarrak bilkura egingo du 47 euskal preso politikoren zigorraren luzapenaz erabakitzeko. Europatik datorren araua urratu edo ez erabaki beharko du Auzitegi Gorenaren osoko bilkurak.

Euskal Preso Politiko horien artean dago 24 urte kartzelan igaro ostean berriki atera den Alberto Plazaola Aitto gure herrikidea.

Auzitegi Gorenak erabaki behar duena, beraz, honakoa izango da: ingeniaritza juridikoa erabiltzen ote duten presoei bidegabeki zigorra luzatzeko, edo ez. Ezin dezakegu ahaztu preso hauek zigorra betea dutela. Izan ere, preso hauei delitu berdinagatik zigorra bi aldiz betearazi nahi zaie.

Horrela bada, indartu dezagun euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka, presoen eskubideen errespetuaren alde jardutea, bakearen eta konponbidearen alde jardutea delako eta noski, bake agertoki bat ezingo delako finkatu preso bakar bat espetxean dagoen bitartean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak