Oñabike proiektuan batutako 47 bizikletak Indiara bidaliko dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko abenduaren 15a

Zapatuan Oñatiko plazan jaso zituzten bizikletak. Argazkia: Zuazola-Larraña BHI

Oñabike proiektuaren barruan bizikleta bilketa egin dute Oñatin. Joan zen aste guztian zehar Larraña eta Zuazola institutuko egoitzetan, eta zapatuan Oñatiko plazan jaso zituzten herritarrek eramandako bizikletak. Guztira, 22 bizikleta jaso zituzten. Bizikleta horiek, aurretik jasotako beste 25ekin batera, Indiara bidaliko dituzte.

Azken bilketa horretan jasotako 22 bizikletak Larrañako egoitzan daude. Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzen Gidaritza Heziketa Zikloko ikasle eta irakasleak arduratuko dira bizikleta horiek txukundu eta konpontzeaz.

Behin bizikletak konponduta dituztenean, beste 25 bizikletekin batera Indiara bidaliko dituzte. Bizikletak Indiara eramateaz Bicicletas sin fronteras gobernuz kanpoko erakundea arduratuko da. Ziurrenik Gabonetatik bueltan egingo dute hori.

Zuazola-Larrañako arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete proiektuan lagundu duten guztiei.