Moxalak eta jostunak Oñatin ere, Santa Lutzia eguna ospatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko abe. 14a, 12:00

Txikia zenetik dihardu josten Edurne Agirrezabalek

Jostunen zaindaria da Santa Lutzia eta hala, eskuz egindako eta jositako lanen erakusketa egitea pentsatu zuten Oñatiko Lagun Leku elkartekoek. Zapatuan egin zuten erakusketa hori, tokatzen zen egunean. Oraindik ere besteendako josten aritzen den Edurne Agirrezabal ere omendu zuten. [ARGAZKIAK]

"Asko estimatzen diet omenaldi hau baina gaur nik jasotako bertso, opari eta besarkada denak omenaldian parte hartu duten guztiekin banatu nahi nituzke, hemen dauden gehienei konpondu diet-eta poltsikoren bat edo egin diet mozorroren bat", adierazi zuen Agirrezabalek omenaldian.

Zumarragako feria

Omenaldirako, eskuz egindako lan asko zituzten erakusgai jarrita Lagun Lekuko tabernan. Mantelak, tapeteak, mantak eta buruko zapiak, esaterako. Bazegoen duela 70 bat urte eskuz bordatutako mantel bat ere eta baita lehengo josteko makina bat eta patroiak ekartzen zituzten aldizkari zaharrak.

"Josteko tailer txiki bat dugu hemen, Lagun Lekun, eta horregatik pentsatu genuen Santa Lutzia eguna horrela ospatzea. Horrez gain, gainera, moxal pintxoak ere prestatu ditugu herritarren artean banatzeko. Hala, Zumarragako feriari ere keinu bat egin diogu", adierazi zuen Lagun Lekuko kide den Lourdes Ugartek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak