Elkar Hezi Taupadak hamabostaldiaren barruan Elkartasun Azoka egingo dute bihar, 10:00etan hasita, herriko plazan. Gobernuz Kanpoko Erakundeen postuak –Alboan, Bidezko Merkataritza, Txiapas, Intermon Oxfam...–, guztira 18 inguru izango dira bertan. Horrez gain, Elkar Heziko ikasle, irakasle eta familiek egindako gozogintza eta bitxigintza eskulan salmenta postuak ere egongo dira eta urtero bezala, sagardoa, txorizoa eta salda ere egongo dira txosnan. Aurten, gainera, elikadurarekin lotutako tailerrak ere egongo dira: gaia, sasoikoa eta gertukoa den produktua.
Elkar Hezi Taupadak hamabostaldiaren baitan bestelakorik ere egingo da Elkar Hezik antolatuta; hala nola, kontsumo arduratsuari buruzko hitzaldia, banka etikoari buruzkoa, zero zabor tailerrak, bitxigintza tailerra eta abar.
Tomaxen abenturak, bihar
Urgain eskolak antolatuta, lau urtetik gorakoendako ikuskizuna eskainiko dute bihar, 17:30ean, Institutuko aretoan: Tomaxen abenturak. Sarrerak aldez aurretik hiru euro balio ditu, leihatilan bertan, lau euro. Ikuskizunak ordu beteko iraupena izango du eta Tomax eta Muxugorri protagonistek hondartzan igarotako eguna da istorioaren oinarria.
Udazken Kulturala Ikastolan
Txantxiku Ikastolan, bestetik, udazken kulturala ari dira ospatzen: gaur, 17:00etan, herriko plazan Itsasoko jolas parkea delakoan jolas egiteko aukera izango da.
Etzi, Zuhaitz Gurrutxagak Futbolisto baten konfidentziak delako bakarrizketa eskainiko du, 18:00retan, Gaztelekuan. Bailarako ikastolek elkarlanean antolatuta, gainera, LHko hirugarren eta laugarren mailako ikasle eta gurasoek irteera egingo dute.