Partidaren hasieran Juanjo Diaz de Monasteriogurenen izenean minutu bateko isilunea gorde da. Juanjo 70eko hamarkada futbol saileko lehendakariorde izan zen.
Arratsalde euritsu honetan partidari hasiera eman zaio Aloñakoen hamaikako titularrean gazte mailako hiru jokalari zeudela, Martxel Aiastui, Asier Mantxola eta Unai Gil. Lehen minutuetan oñatiarrak izan dira nagusi, eta gol aukera garbirik sortu ez badituzte ere, baloiaren jabetza eurena zen. Partidako 17. minutuan iritsi da lehen gola. Josu Juaristi zelai erditik falta bat jaurti du, eta baloia, Aranberriren ateko langa ukitu ondoren,, sareetara joan da. Gol bikaina. Gol horren ostean, Elgoibar taldekoek lerroak aurreratu dituzte berdinketaren bila, eta Aloñakoek kontraerasoak baliatu nahi izan dituzte min egiteko. Horietako batean, 28. minutuan, Martxel Aiastuik aukera bikaina izan du. Jokaldi horretan baloia loratuz atezaina gainditu du, baina marraren gainean atzelari batek baloia urruntzea lortu du. Elgoibartarren ahaleginak 37. minutuan izan du fruitua. Izan ere, Condek, epaileak area ertzean adierazitako falta era bikainean jaurti du, eta hesiko jokalariak gaindituz, sareetara bidali du. Lehen zati horretako azken minutuan Unai Gilek aukera ederra izan du 2 eta 1eko lortzeko, baina baloia gehiegi gurutzatu du, eta kanpora joan da.
Anbulantzia berdegunean
Bigarren zatiko lehen minutuetan Elgoibarkoek eskuratu dute baloiaren jabetza, eta aukera garbirik sortu ez badute ere, hurbilago ikusten zen elgoibartarren gola. Aipagarria, hala ere, 65. minutuan Iñigo Markinezek buruz egindako errematea, baina baloia langa gainetik irten da. Partidaren 78. minutuan Asier Mantxolak min hartu du, eta anbulantzia iritsi arte jokoa geldirik egon da. Ordu erdiko etenaldiaren ostean, partidari berrekin zaio eta 82. minutuan iritsi da Jon Lertxundiren garaipenaren gola. Buruz egindako errematea eskuadra-eskuadratik sartu da. Azken minutuan tentsio handikoak izan badira ere, Aloñakoek garaipena lortu dute.
Urriaren 26an Antzuolari irabazi zitzaionez geroztik, garaipenik lortu gabe zeuden oñatiarrak, eta, hiru puntu hauek oso beharrezkoak ziren Igor Serrano eta bere jokalarientzat.